Udalak egin beharreko baso lanak eman ditu

Guaixe 2024ko uzt. 17a, 11:14

Kamioia baso aprobetxamendua eramaten. UDALA

Herritik Orobe aldera daraman bidean konponketak eginen dira.

Olatzagutiko basotik egur kopuru handiak atera dira azken urtetan eta makinen eta kamioien joan etorriak pista nagusiaren egoerari eragin diote. Hura hobetuz etorkizunean emanen diren baso aprobetxamenduak errazago salduko direla jakitun, Olatzagutiko Udalak pista hori berritzea erabaki  eta deialdia egin zuen. Lau enpresek aurkeztu zuten eskaintza, eta haiek aztertuta, udalak Excavaciones y Transportes Santi 2014 SM enpresaren alde egin du. Enpresak lanak egiteagatik 33.791,67 euro (BEZ barne)jasoko ditu.

Lanak Arnazka dermioaren eta Sagarminsaroiko bidearen artean eginen dira. Egitekoen artean daude: bost kilometrotan pistaren ertzetik sasiak kentzea 1,5 metro zabaleran eta 5 metro altueran; 2,8 kilometrotan ezpondak garbitzea; 2,4 kilometrotan pistaren zorua zelaitzea eta 3 kilometrotan zorua berritzea. Bidean porlanezko lau zubi daude, 2015ean eraikiak. Horiek baldintza honetan daude eta ez dute hobekuntzarik behar.