2006. urtean Miren Lezea Imaz olaztiarra Zaragozara joan zen fisioterapia ikastera. 2009an ikasketak amaitu zituen eta etxera itzuli zen, "hemendik lanean aritu nintzen eta gero beka batekin Perura joan nintzen". Bueltan Zaragozan masterrak eta posgraduatuak ikasten jarraitu zuen; "hor ezagutu nuen orain nire senarra dena, Fidel, eta 2011. urtetik bertan bizi gara". Kasualidadez amaitu zuen Lezeak Zaragozan: "Hemen lan bat bukatu nuen, han lan eskaintza bat ikusi nuen, elkarrizketa egin nuen eta hasteko esan zidaten. Ez nuen ezta pentsatu ere egin Zaragozara bizitzera joango nintzenik, eta inoiz ez nuke esango han amaituko nuenik". Kotxez bi ordu pasatxoko bidaia dute, eta opor luzeetan beti etortzen dira: "Familiaren elkartzeko puntua hemen dago. Edu, anaia, Sant Cugaten bizi da, eta hemen elkartzen gara". Asteburuetan ere "planaren arabera" Olaztira etortzen da Lezea.
"Momentu honetan oso ondo nago Zaragozan, baina hiriarekin eta bizimodu horrekin ez naiz identifikatzen. Berdearekin eta herriarekin askoz identifikatuago sentitzen naiz, hiriko giroarekin baino". Astean zeharreko erritmoa eramateko "oso gustura" dagoela azaldu du Lezeak, "baina asteburuaetan edo hona etortzen gara edo Pirinioetara joaten gara edo Fidelen herrira. Ez dugu gure bizitza hiritar moduan sentitzen". Senarra ere herri txiki batekoa da, "Aragoiko herrietan gertatzen dena da hirietara joan direla bizitzera, baina asteburuetan eta oporretan itzultzen dira eta bizitza dago". Hiriko bizimodua, beraz, "denboraldi baterako" ikusten du olaztiarrak: "Ez dakit Olaztira itzuliko naizen, baina badakit hirian ez dudala bukatuko".
"Berdearekin eta herriarekin askoz identifikatuago sentitzen naiz hiriko giroarekin baino"
Olaztira etortzen denean "betiko etxean, gurasoen etxean", gelditzen da, eta batzuetan bakarrik etorri izan da eta beste batzuetan senarrarekin; "anaia oporraldi luzeetan etortzen da Bartzelonatik bidaia luzeagoa delako, baina udan eta gabonetan beti etortzen da". Festetan egon ondoren, abuztuko opor egunen arabera itzuliko da Lezea Olaztira bestela irailerako "seguru" itzuliko direla esan du.
Olaztiko eta Zaragozako "giroa" erabat desberdina dela aipatu du Lezeak, baita jendearen izaeran aldea nabaritzen duela esan du ere, "estereotipo bat da, baina niretako egia da. Hemen hasieran itxiagoak gara, baina behin ezagututa badakizu infinitora joateko pertsona bat duzula. Aragoin gertatzen dena da jendea irekiagoa dela eta hor egongo dela, onak dira, baina harremana desberdina da; ez da hain estua". Askotan entzun duen zerbait dela gaineratu du olaztiarrak.
Berdea
"Familia eta lagunak ikusi. Hori izaten da Olaztira etortzen naizenean egiten dudan lehenengo gauza, eta gero berdean murgiltzen naiz. Hemen berdea normala da, baina urruntzen zarenean etortzerakoan Urbasara joan eta mendian ibiltzea gehiago baloratzen duzu". Mendira joatea "ezinbesteko" bat da herrira etortzen denena. "Ez da asteburua bukatzen mendian bueltatxo bat eman gabe". Olaztiko eta gertuko tokiak bisitatzeko aprobetxatzen dute ere, "Fideli ere mendia asko gustazen zaio eta ni etortzen naizenean agian mendiko betiko tokietara joaten naiz, baina berak toki pila bat aurkitu ditu".
Olaztin dagoenean ere kalera atera eta jendearekin egoteko aukera duela esan du Lezeak: "Niretako desberdintasun handia da ere, kalera ateratzea eta jendearekin gehiago erlazionatzea". Bestetik, herriko eta inguruko "toki onenetan" bazkaltzeko eta afaltzeko baliatzen dute egonaldia herrian: "Hori ere desberdintasun bat da. Han ez da hemen bezala jaten".
Olaztiko amonaren etxeko sukaldeko usaina eta plazako irudia "jendea hemen elkartuta" eramaten ditu Lezeak bizitokira.