Udalak aldi baterako langileen kontratazio zerrendak kudeatzeko araudia onartu du

Guaixe 2024ko ira. 9a, 11:41

Olatzagutiko udaletxea. ARTXIBOA

Aldi baterako langileak deialdien bidez hautatuko dira, betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz. Nolanahi ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea ahalbidetuko da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean irailaren 5ean argitaratu ondoren, indarrean da Olatzagutiko Udalaren aldi baterako langileen kontratazio zerrendak kudeatzeko araudia. Erregelamendu horren xedea da arauak ezartzea udalean lanpostuak aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.

Plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzea aldi baterako langileekin betetzen denean aplikatuko da araudia. Baita egoerarengatik sor daitezkeen beharrei erantzuteko ere (zereginen pilaketa, obra edo zerbitzu jakin bat, bitarteko kontratuak aldi baterako ezintasunagatik, baimenak edo antzekoak). Araudia, oro har, Olatzagutiko Udaleko lanpostuak aldi batez betetzeko kontratazio guztiei aplikatuko zaie, langileak kontratatzeko irizpide propioak dituen dirulaguntza deialdiren baten babespean egiten direnei izan ezik. Esate baterako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gizarte-intereseko lanak, gazte bermea.