Osasunari agur esanda, ibilbide berria hasi du 22 urteko Maitane Vilariño Mendinueta futbolari olaztiarrak. Athletic da bere talde berria, eta futbolarekin gozatzen jarraitzea, hori da bere nahi nagusia. Primeran hasi du denboraldia, goitik, irailaren 15ean, denboraldiko bigarren jardunaldian, lehen mailako Athletic-ekin debutatu baitzuen F. Ligan Granadaren kontra, eta garaipenarekin, gainera. Ilusioz gainezka dago.
OSASUNA
Azken lau denboraldietan Osasuna taldeko jokalaria izan zara. Kakun Mainz entrenatzailearen ezinbesteko jokalaria zinen, 2022an emakumezkoek Sadarren jokatu zenuten lehenengoz... urte zirraragarriak izan ziren. Lehen mailara igotzeko borrokan egon zineten beti, baina, tamalez, ezinezkoa izan zen.
Nafarra izanda Osasunan jokatzea ilusio handia izan zen. Eta baita 2022an Sadarren jokatzea ere. Ahaztezina izan zen. Españoli 2-0 irabazi genion, eta lehen mailara igotzeko aukera izan genuen. Tamalez, ezin izan genuen lortu, eta oraindik ere horretan saiatzen ari da taldea. Osasunan jokatzea amets bat izan zen, baina orain beste amets batzuk ditut eta, pixkanaka, betetzea espero dut.
2023/2024 denboraldia bukatzerakoan idatzitako agurrean oso eskertuta azaldu zinen Osasunak bere garaian emandako aukerarengatik eta zaleen babesarengatik. Osasunaren armarria defendatzea ikaragarria izan zela aitortu zenuen, eta talde gorritxoan une ederrak bizi izan zenituela gogoratu zenuen, baina baita une gogorrenak ere.
Bizitako une onekin geratzen naiz, baina azken urtea oso gogorra izan zen.
Egunero entrenatzen zenuen, baina ez zenuen partidarik jokatzen, bulego erabaki bat tarteko. Osasunako kirol zuzendari Mai Gardek prentsaurreko batean adierazi zuenez, zuk edo zure ordezkariak "ez zenuten Osasunan jarraitzeko euren eskaintza entzun ere egin nahi izan", eta klubak zure postuan beste jokalari bat jartzea erabaki zuen. Orain arte ez duzu honi buruz adierazpenik egin nahi izan.
Osasunak bere garaian kontratua berritzeko eskaintza bat egin zidan, eta ezezkoa eman nion. Tito Iribarren zen orduan Osasunako kirol zuzendaria. Beste bi aldiz eskaintza berdina egin zidaten, inolako aldaketarik gabe, azkena Mai Garde kirol zuzendari berria zela. Bere egunean eskaintzari ezezkoa eman banion, normala da berriz ere ezezkoa ematea, ez badute ezer aldatu. Hau da, kontratua berritzeko beste eskaintza berri bat ez baduzu egiten, azkenean jokalariak ezin du ezer egin. Nik uste dut Osasunako lau urte horietan nire lana egin eta bete nuela; jokatu nuenean %100 eman nuen zelaian, eta jokatu ez nuenean %100 eman nuen entrenamenduetan, nire taldekide eta lagunak haien %100ean egon, eta gero partidan lan ona egin zezaten. Beraz, nire lanarekin oso lasai nago. Orain arte ez dut ezer esan, ez dudalako uste nire burua defendatu behar dudanik. Nire ustez gauzak ongi egin ditut, eta, beraz, ez dut ezer esan beharrik.
Egoera zail horretan, hala ere, gogotsu joaten zinen entrenatzera. Zure izaeraz eta jarreraz asko esaten du horrek.
Entrenamenduetan dena ematen nuen, taldearekin konpromisoa nuelako eta futbolaz disfrutatzeko momentu bakarra zelako. Banekien partidetan ez nuela jokatuko, eta, beraz, futbolari sentitzeko une bakarra ziren entrenamenduak. Gainera, ni horrelakoa naiz, %100 ematen dut bai entrenamenduetan baita partidetan ere. Bestalde, Osasunako aldagela oso polita zen; nik uste dut taldekideen laguntzarik gabe egoerari aurre egitea ezinezkoa izango litzatekeela. Taldekideen babesa sentitu nuen.
"Osasunan bizitako une onekin geratzen naiz, baina azken urtea oso gogorra izan zen"
ATHLETIC
2024/2025 denboraldian ibilbide berria hasi duzu Athleticen. Hiru denboralditarako sinatu duzu. Aurkezpenean esan zuten emakumezkoen bigarren taldera batu zarela, baina lehen taldearen dinamikan egongo zarela uneoro. Aurre denboraldia ere talde nagusiarekin egin zenuen. Nola planteatu dute zure denboraldia?
Bigarren RFEF mailako Athletic B taldeko fitxa daukat, baina A taldearen dinamikarekin. Hau da, astean zehar lehen taldearekin egiten dut lan guztia Lezaman. Ostiraletan, lehen taldearekin entrenatu eta gero, David Aznar entrenatzaileak unean uneko beharren arabera lehen taldera eramango nau, eta, bestela, B taldearekin jokatzeko aukera izanen dut. Hori berriz ere jokatu gabe ez geratzeko da, eta erritmoa eta konfiantza irabazi, edo ez galtzeko.
Beraz, lehen mailako Athletic eta bigarren RFEF mailako Athletic taldeen arteko lotunea izango zara, komodina.
Bai, nolabait esatearren. Ligako lehen jardunaldian bigarren taldearekin jokatu nuen. Athletic B iaz lehen RFEF mailatik bigarren RFEF mailara jaitsi zen. Nire ustez Athletic B taldearen helburu nagusia jokalariak trebatzea da, A taldera iritsiko diren jokalariak prestatzea, eta ez horrenbeste lehen RFEF mailan egotea. Athletic-en bertako jokalariekin jokatzeko filosofia ez da erraza, eta bertako jokalariak trebatzeko bide horretan harrobia oso garrantzitsua da. Athletic B taldearen lana erritmoa eta konfiantza hartzea da, eta aukera badago, lehen RFEF mailara igotzea, baina aparteko presiorik gabe. Hori uste dut.
Aurre denboraldian Euskal Herriko Kopan Athletic-eko lehen taldearekin jokatu zenuen.
Osasunaren kontrako finalerdia jokatu nuen, partida guztia. Irabaztea lortu genuen, baina finalean Errealaren kontrako partida ez nuen jokatu. Finalean husna berdindu zuten, eta penaltietan galdu.
Taldekide ohien kontra jokatzerakoan nola sentitu zinen?
Partida berezia izan zen, ezberdina. Gustura jokatu nuen, gogotsu. Partida normal bat jokatzen ari nintzela, hori barneratu nuen, eta uste dut horrela hartzeak lagundu zidala.
"Lehen mailan debutatzea sekulakoa izan da. Oso pozik nago, ezin sinetsi"
Ligako lehen jardunaldian Athletic B taldearekin jokatu zenuen, Sanxenxon, Atletico Villalongaren kontra. Zer moduz joan zen partida?
Partida oso polita izan zen. 0-1 irabazi genuen, eta gol bat sartu nuen, baina jokoz kanpo zegoelako baliogabetu zuten. Garrantzitsuena da 3 puntuak lortu genituela zelai oso zailean. Joan zen denboraldian Atletico Villalongak ez zuen etxean partidarik galdu, eta 3 puntuak lortzea, beraz, oso garrantzitsua izan zen. Gustura nago, berriro ere futbolaz disfrutatzen.
Baina sorpresa irailaren 15ean iritsi zen, Athletic talde nagusiarekin debutatu zenuelako lehen mailan, Granadaren kontra Lezaman jokatutako partidan. Zorionak! Zer moduz joan zen?
Eskerrik asko! Oso pozik nago, ezin sinetsi. Gainera, 2-1 irabazi genuen, bikain! Orain arte lehen mailako ligan jokatutako bi jardunaldiak irabazi ditu Athletic-ek, eta sentsazioak oso onak dira.
Lehen mailako saltoa handia al da? Zertan nabaritzen da gehien?
Aspektu gehienetan nabaritzen da, baina bereziki erritmoa askoz handiagoa dela, eta jokalariek duten indarra ere askoz ere handiagoa dela. Lehen mailako entrenamenduetan gimnasioa hiruzpalau aldiz gehiago lantzen dugu. Horregatik, lanean jarraitu beharra dut, pixkanaka erritmo hori hartu, eta askoz ere gehiago hobetu. Hoberenekin ari naiz entrenatzen, lehen mailako jokalariak ikaragarriak dira. Eurekin entrenatzea ikaragarria da, amets bat. Lehen mailan debutatu dut, eta oso pozik nago. Beraz, argi dut gogor entrenatzen jarraituko dudala amets horretan jarraitzeko. Nolanahi ere, klubaren esanetara nago, eta ostiraletan jakingo dut jardunaldi bakoitzean A taldean edo B taldean jokatuko dudan.
Nolakoa da David Aznar entrenatzailea?
Gutaz kezkatzen da, beti galdetzen digu nola gauden. Jatorra da, oso gertukoa, baina serio jarri behar duenean serio jartzen da. Entrenatzaile ona da, futbolaz asko daki. Berak nahi duena da entrenamenduak intentsitate handikoak izatea, serioak, eta partidak ere halakoak izatea eta gu oso kontzentratuta egotea.
Ilusioz gainezka ikusten zaizu, futbolaz gozatzen.
Bai. Pixkanaka minutuak lortzea, konfiantza hartzea, asistentziak edo golak egitea... hori guztia lortu nahiko nuke, baina batez ere ahal dudan guztian laguntzea eta taldeak 3 puntuak lortzeko dena ematea. Azkenean, futbolarekin berriro disfrutatu nahi nuen. Dudan aukera hau oso garrantzitsua da niretako, futbolean berriro hasi eta ditudan ametsak egia bihurtzeko.
"Lehen mailako erritmoa askoz ere handiagoa da; hobetzeko, lanean segi beharra dago"
LEZAMA
Nolako ongietorria egin dizute Lezaman?
Oso ona. Aurreko denboraldian bizi izan nuen egoeraz bazekiten, eta, gainera, jokalari gehienak ezagutzen nituen batzuekin Euskal Selekzioan batera jokatu genuelako eta baita Osasunan bat egin genuelako. Gehienak ezagututa, oso erraza izan da taldean sartzea. Hemengoak izaki, eta kuadrilla antzekoa osatzen dugu.
Ezberdintasun handia nabaritu duzu Taxoaretik Lezamara?
Ezberdintasun handia dago. Esango nuke Lezama profesionalagoa dela. Profesional gisa tratatzen gaituzte. Goizean Lezamara iritsi, eta bertan gosaltzen dugu guztiok. Entrenamenduek sekulako intentsitatea dute, eta, oro har, seriotasun handia dago. Entrenatu ondoren, bertan bazkaltzen dugu guztiok, eta gero etxera goaz. Batzuetan bi entrenamendu saio ditugu egun berean.
"Lezamako instalazioak harrigarriak dira"
Lezamako instalazioek ikusgarriak dirudite. Erresidentzia, futbol zelaiak, denetariko zerbitzuak...
Ikusgarria da. Futbol zelai ugari daude, berriki nesken A taldearendako esklusiboa izango den futbol zelai natural bat egin dute. Aldagelak sekulakoak dira, erresidentzia ere ikusgarria, jantokia ederra... dena harrigarria da.
Lezaman bizi zara?
Ez, Bilbon nago. Pisu batean bizitzea nahiago nuen, pixka bat deskonektatu eta egun osoan Lezaman ez egoteko. Gainera, biokimika ikasketak bukatu ditut eta orain mastersa egingo dut, ikerketarena. Eta ikasketengatik ere bakarrik bizi nahi nuen.
Olaztira etortzeko ez duzu tarte askorik izango.
Astean egun bat dugu libre, tarteka bi, baina Olaztira gerturatzea askoz ere zailagoa dut. Orain gurasoak dira etortzen direnak.
Kuriositatez, Athletic-eko jokalariek San Mameseko partidetarako sarrerak dituzue eskura?
Eska ditzakegu. Bulegora deitu, eta zein partidara joan nahi duzun esanda, momentuan korreoz sarrera bidaltzen dizute. Bitan joan naiz, eta giroa ikaragarria da. Lezamako giroa ere ederra da.
Zein da zure ordutegia?
Finean, partidako hurrengo egunean entrenatzen da, eta hurrengo eguna libratzen da. Eta gainontzeko egunetan, entrenatzen da.
"Lezaman seriotasun handia dago, eta profesional gisa tratatzen gaituzte"
Amestutako debuta
Lehen mailako F. Ligako bigarren jardunaldiko partida etxean jokatu zuen Athletic Clubek, Lezaman, Granadaren kontra. Garaipen sufritua lortu zuen talde zuri-gorriak, azken unekoa. Maitane Vilariño, Athletic-eko bigarren taldeko jokalaria, titularra izan zen eta debuta egin zuen eskuin hegalean, Elexpururen baja baliatuta. Hau ez da Vilariñoren ohiko postua, Osasunarekin aurrelari baitzen, baina 22 urteko olaztiarrak maila bikaina eman zuen atzeko eskuineko hegalean. Vilariñok 73 minutuz jokatu zuen, 29. zenbakiko dortsala jantzita zuela.
Lehoiek zailtasun handiak izan zituzten talde andaluziarrari min egiteko. Granadako Laurik mustu zuen markagailua, baina ordu laurdenera Nahikarik banakakoa lortu zuen. Partida puntu banaketarekin despedituko zela aurreikusten zenean, Nevadok garaipenaren gola sartu zuen, Lezaman gogoz ospatu zena. Lehen mailako Athletic-en hurrengo arerioa Real Madrid talde ahaltsua da.
Athletic Clubeko elastikoarekin debuta egin duen 121. lehoia da Vilariño. Amestutako debuta izan zen, garaipenarekin ospatu ahal izan zuena.