2024ko Olatzagutia Urbasa mendi lasterketaren hamaseigarren edizioa jokatuko da irailaren 28an, larunbata, 10:00etatik aurrera, San Migel plazatik. Aurreko urtean, urteurrenaren baitan eta Ingurumen Departamentuagatik, 17,2 kilometroko eta 920 metroko desnibeleko ibilbidea prestatu zuten, aurten errepikatuko dutena. Urbasa parke naturaleko "toki ederretatik" pasa ondoren, herrira jaitsi eta plazan amaituko da lasterketa.
Dortsal banaketa 8:30ean hasiko da, eta 10:00etan abiatuko da lasterketa. Ordu berean haurren lasterketaren izena ematea izanen da, eta ordu erdi beranduago haurren lasterketaren hasiera, Moto GP haur lasterketa (0 eta 4 urte bitarteko haurrendako, eta bakoitzak bere motoa eta burukoa eraman behar du) eta haurren oinezko lasterketa izanen dira (5 eta 7 urte, 8 eta 10 urte, 11 eta 13 urte eta 14 eta 15 urte bitarteko taldeak izanen dira). Lasterketa nagusiaren lehenengo korrikalarien iritsiera 11:20ean izanen dela aurreikusten dute. Pixkatxo bat beranduago puzgarriak izanen dira, San Migel plazan (euria eginez gero, frontoian), eta lasterketa 13:00etarako amaitzea espero dute. Behin azken korrikalariak helmugara iritsi sari banaketa izanen da, plazako kioskoan.
Ibilbidean zehar janari eta edari postuak egongo dira; antolakuntzatik jakinarazi dutenez ez dira edalontzirik egongo. Bestetik, osasun zerbitzua eta dutxak kiroldegian egongo dira. Lasterketa Olatzagutia Urbasa Mendi Lasterketa taldeak, Sutegi taldeak eta Olatzagutiko Udalak antolatzen dute.
Mendi lasterketa jokatzen den asteburuan San Migel festak ospatzen dira Olatzagutian, eta horregatik lasterketa ez ezik herri bazkaria, musika eta festa giroa izanen da herrian.