Gaztetxokoan izena emateko epea zabaldu da

Guaixe 2024ko ira. 24a, 11:31

Gaztetxoak baloiarekin jolasten. ARTXIBOA

Udaletxean egin daiteke, astegunetan, 09:00etatik 14:00etara, lastailaren 4ra arte. Izena emateko fitxa eta onarpen orria betetzearekin batera ordainketa egin beharko da. 5 euro gazte bakoitzeko, bi anai-arreba edo gehiago badira 8 euro.

Olatzagutiko Udalak jakinarazi duenez, gaztetxokoan izena emateko epea zabalik dago. Zerbitzu hori 12 eta 16 urte bitarteko gazteek erabil dezakete, hau da, 2012 eta 2008 urteen artean jaiotakoek, biak barne. Gaztetxokoa martxan jartzeko gutxienez hamar pertsona behar dira, eta gehienez berrogeita hamar. Izen emandakoen artean zerbitzua erabiltzeko lehentasuna izanen dute Olatzagutian erroldatutako gazteek, dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Olatzagutiko Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela eta, baina bai legezko tutore bat.

Gaztetxokoa lastailaren 11tik maiatzaren 17ra arte egonen da zabalik, asteburutan. Zehazki, ostiraletan 18:30etik 21:30era, larunbatetan 17:00etatik 21:30era eta domekatan 17:00etatik 21:00etara.

Baldin eta plaza libreak geldituz gero, izen emateak ikasturtean zehar onartuko direla gaztigatu du Olatzagutiko Udalak. Kasu horietan matrikula bera ordaindu beharko da. Bestetik, dauden plazen kopurua baino eskari handiagoa badago, itxaron zerrenda bat sortuko da. Udalak jakinarazi duenez, izen ematerakoan ordainketa egitetik salbuetsita egonen dira, udalak berariaz hala eskatuta, beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostenaren bidez. Behin jarduera hasita, ez da dirurik itzuliko.