Astekaria

Harby, Urbasako igoerako arima

Guaixe 2024ko urr. 9a, 13:00

Harby Simca Rallyarekin, Urbasako Igoerako 0 kotxe lanetan. ARTXIBOA, UTZITAKOA

Urriaren 5ean jokatu zen XLII. Urbasako Igoera lehendabiziko bihurgunetik zuzenean jarraitu zuen Francisco Arbina 'Harby' pilotu ohiak, eta bere Simca Rally mitikoa puntuan mantentzen duen taldeak. Urbasako Igoera "festa handia" dela argi dute 

Urriaren 5ean Sakanako automobilismoaren festa handia ospatu zen Olaztin: XLII. Urbasako Igoera. Historia luzea duen proba honetaz hitz egiten hasita, ezinezkoa da Francisco Arbina Jimenez Harby pilotu olaztiarraren izena ez ateratzea. Nahiz eta bere ibilbideko azken bizpahiru urtetan Formula Dallara Alfa Romeo Gr.E autoarekin lehiatu, Harby eta bere Simca Rallya mitikoak dira. Harbyren Simca, ez da, alferrik, Sakana Motorsport eskuderiaren logoa, Harby pilotu erreferentea izan baita haren atzetik etorri diren Olaztiko pilotu guztiendako. 

Biak, motorrak eta autoak
Harbyk 61 urte ditu eta txikitatik ezagutu du Urbasako Igoera. Izan ere, Real Automovil Club Vasco Navarrok 1968an antolatu zuen, lehen aldiz, Urbasako Igoera. 43 pilotuk hartu zuten parte eta Claudio Aldecoa gasteiztarrak irabazi zuen. Beatriz Doria iruindarra ere aritu omen zen, eta hamabosgarren sailkatu. 1982ra arte Espainiako Txapelketarako puntuatu zuen. "Portura bideko kalean bizi gara, eta parez-pare genuen Urbasako Igoera. Kotxeak izugarri gustatzen zitzaizkidan. Gogoan dut txikia nintzela Juan Fernandez pilotu kataluniar handiak (Urbasako sei igoera irabazi zituen) Urbasako helmugara iristerakoan keinu egiten zidala eta Olaztira bere barketan jaisten ninduela. Uste dut grazia handia egiten niola. Niretako sekulakoa zen" gogoan du Harbyk.  

https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2024_40/13636/argazki/115686_1727884753.jpeg

Automobilismoan hasi aurretik, motorra erosi zuen. "Soldaduska Andaluzian egin nuen, eta han motor asko zeuden. 21 urterekin etxera bueltatu bezain pronto bigarren eskuko Yamaha urdina erosi nuen; aurrerago beste bat hartu nuen. Irteera asko egiten nituen motorrarekin. Jerez, Jarama eta Montmelóko zirkuituetara joaten nintzen Motoziklismoko Mundialeko lasterketak ikustera. Kevin Schwantz oso gustuko nuen, eta egun, Marc Marquezen zalea naiz". Oraindik Suzuki motorra du, ongi zainduta. "ITVa pasatzera eraman nuen, eta milioiko galdera egin zidaten, ea noiz salduko ote dudan". Azkenaldian ez da apenas ibiltzen. "Niretako, motorrak garai bat du". 

Urbasa eta Egozkue
Harbyk ez du oso ongi gogoratzen noiz hasi zen automobilismoan. Errudunak "Urbasako Igoera eta Pantxo Egozkue" izan zirela oso argi du. "Pantxo Egozkuek Europako Mendiko Txapelketa zuen jokoan eta Frantzia eta Alemania arteko mugan lasterketa bat zuen. Nire Peugeot 205-ean lau lagun joan ginen lasterketa ikustera, eta berarekin egon ginen. 1993-1994 urtea izango zen. Egozkueri furgoneta bat lapurtu zioten, eta Vilariñok furgoneta bat utzi zion, baina berea ere agertu zen. Galdetu zigun ea furgoneta bat hona jaitsiko genuen, eta gutako batek ekarri zuen. Horrela, nolabaiteko harremana sortu zen, gauza batek bestera eraman zuen, eta automobilismoaren pozoia sartu zitzaidan". Urte horretan Europako Txapelketa irabazi zuen Pantxok. "Pantxok eta Vilariñok lehia handia zuten. Vilariñok baliabide gehiago zituen, aurrekontu handia, baina Pantxo, baliabide askoz ere gutxiagorekin, aurreko postuetan zegoen beti. Eta horrek meritu handia du. Europako eta Espainiako Txapelketak irabazi zituen, fenomeno hutsa. Lehendabiziko bi urtetan Pantxoren eskuderiarekin lehiatu nintzen. Bere buzoa dut, beti buzo horrekin lehiatu izan naiz. Ondoren, garai hartan Urbasako Igoera antolatzen zuen San Fermin eskuderiarekin hasi nintzen". 

“Urbasakoa, igoera eta zirkuitu gisa, onena da, denetatik duelako”

https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2024_40/13636/argazki/115685_1727884752.jpeg

Simca gorria
Harbyk Simca 1000 autoa Bilbon erosi zuen. "Gorria zen, eta Bizkaian matrikulatuta zegoen. Rallyren batean ere aritu nintzen. Berehala lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, horretarako erosi bainuen, lehiatzeko". Sakana Motorsporten datuen arabera, 1995 urtean lehiatu zen Harby lehenengoz Urbasako Igoeran, eta 35. sailkatu zen. 

Argüelles eta Ondarra, alboan
Automobilismoaren abenturan Harby ez zegoen bakarrik. Jose Mari Argüelles 'Coutiño' eta Francisco Ondarra ziren bere bi laguntzaile fidelak. "Biak Cementoseko langileak ziren, baina mekanika kontuetan ideia bazuten. Argüelles motorraz arduratzen zen. Kars-etan ibilia zen, eta zaletasuna bazuen. Ondarra txapaz arduratzen zen. Egindako lasterketa guztien denborak artxibatuak ditu. Nik mekanikaz ez nuen asko ulertzen; señoritoen moduan, gidatu eta listo. Beti hirurak ibili ginen, baina laguntza behar bagenuen, herriko norbait beti genuen prestu". Etxeko bajeran ordu zenbatezinak ematen zituzten. "Egunero biltzen ginen bajeran, eta herriko motorzale guztiak etortzen ziren gure arrimoan. Beti zegoen norbait". 

https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2024_40/13636/argazki/115677_1727884751.jpeg

Bajeran, egunero
Bajerara hurbiltzen zirenen artean Raul Lopez 'Patxu', Iban Lopez de Goikoetxea, Goya, Joaquin eta Harbyren atzetik pilotu egin ziren beste olaztiar guztiak zeuden. "Guretako Harby automobilismoan erreferente handia izan da. Lasterketetara eramaten gintuen, oroitzapen onak ditugu" dio Patxuk. "Garai hartan Olaztiko pilotu bakarra nintzen, eta horregatik esango dute erreferentea nintzela. Iban, Patxu eta Goya oso zaleak ziren txikitatik, eta horregatik etortzen ziren bajerara. Eta ez ditut gainontzeko pilotu guztiak ere ahaztu nahi". 

“Simca Rallya saldu? Sarritan eskatu didate, baina ez du preziorik. Sentimendua da”

Simca Rallya
Harbyk autoa aldatu zuen hiruzpalau urte beranduago. "Simca gorria ez zen asko ibiltzen. Horregatik Simca Rallya erosi nuen, egun oraindik mantentzen dudana. Motor hobeagoa du, propio prestatutakoa. Asko ibiltzen da, izugarri, indar handia du. Pantxo Egozkueren anaia Carlosena izan zen, baina gero Bergarako batek erosi zuen eta hari erosi nion. Argi nuen auto berria ere beste Simca bat izan behar zela. Asko ibiltzen ziren, eta oso kañeroak ziren. Oso gustuko nituen". 

Fito eta Galizia
Harby eta bere taldea ez ziren gelditzen. Denboraldian hamar-hamaika lasterketa egiten zituzten, Euskal Herrikoak eta baita Errioxa, Kantabria, Asturias eta Galizako zenbait. Pare bat aldiz ere Huescan lehiatu ziren. Asturiasen Fitoko Igoera ezinbestekoa zen. "Fiton sekulako giroa egoten da. Joan nintzen lehen aldian, zale askok geratzen zidaten, autoari argazkiak ateratzeko. Eromena izan zen. Gogoan dut sekulako Ferraria ekarri zutela, baina asistentzia gunean gu ondoan geunden, eta jendeak Ferraria begiratu, baina berehala Simca ikustera hurbiltzen zirela". 

Euskal Herrian automobilismoarekiko zaletasuna dago, "baina asturiarrak, galiziarrak eta kanariar uharteetakoak oso fanatikoak dira". Urte askotan Pontevedrako Igoeran parte hartu zuen Harbyk, eta badaki zertaz ari den. "Lehendabiziko urtean lau joan ginen Pontevedrara, baina urtero jende gehiago batzen zitzaigun, eta azkenean talde ederra joaten ginen. Pontevedran lagun batzuk genituen, kopilotuak zirenak, eta eurek animatuta joan ginen. Historikoen kategorian jarri ninduten; ordura arte portugaldar batek irabazten zuen kategorian, Miniarekin. Lehen urtean irabazi nion, eta ordutik aurrera lehia estua izan genuen biok. Gustura ibili nintzen". Beste behin Cerdedoko igoeran parte hartu zuen. 

https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2024_40/13636/argazki/115679_1727884751.jpeg

Urbasakoa, ikusgarriena
Zer du Urbasako Igoerak horren berezi egiten duena? "Igoera eta zirkuitu gisa, niretako onena da, 4 km pasako ibilbidean (lehenago luzeagoa zen) denetatik duzulako: gune azkarrak, eremu zuzenak, eta denetariko bihurguneak: azkarrak, ferra bihurguneak, paellak... denetarik. Urbasa oso azkarra da. Eta ikusleendako, hoberena da, alde handiz, gehien ikusten den lasterketa delako. Goian jartzen bazara, ibilbidearen zati handia ikusten duzu. Dirua ez dagoelako, bestela, Europako Txapelketarako moduko proba da". 

Harbyk argi du Urbasan egin dituen lasterketak ez direla onenak izan. "Sarritan aipatu dugu olaztiarren artean. Etxean aritzeak estra bat du, begi guztiak zure gainean daude". Simcarekin 3-4 minuturen artean ibiltzen zen. "Orduan distantzia luzeagoa zen, eta beste garai bat zen". Behin bederatzigarren izan zen. Hobekien euriarekin ibiltzen zen. "Gorlako Igoeran 90 piloturen artean bigarren sailkatu nintzen, euria ari zuela. Gozamen hutsa izan zen". Ez du probarik irabazi, baina bere mailan sarritan onena zen. 

Ibilbidea memorizatu
Harby pilotu lehiakorra izan da beti. "Ongi pasatzera, baina denbora ona egitera ateratzen nintzen beti. Lehiakorrak ginen. Baina aitortuko dizut eguneko trofeoa autoa oso-osorik etxera ekartzea zela". Lasterketak ongi prestatzen saiatzen zen. "Aurreko astean ibilbidea ikustera joaten ginen. Ibilbidea ongi memorizatzeko zalantzak banituen, oinez igotzen nintzen. Hori Pantxok erakutsi zidan. Oinez igotzerakoan, buruan hobeki geratzen da ibilbidea nolakoa den. Igoera batean ezin gara zalantzekin ibili, ea bihurgunearen kurba luzea, motza, itxia edo irekia den, bestela hanka azeleragailutik altxatu, eta denbora galtzen da". 

Ez du istripu larririk izan, susto pare bat izan ezik. "Jaizkibelen Simcaren gurpilak hotzak zeuden, autoa gurutzatu zitzaidan, eta itzulipurdi egin nuen. Hurrengo asterako, martxan geunden berriro". 

Formula Dallara, azkena
Harbyk formula bat erosi zuen aurrerago, Formula Dallara, Alfa Romeo motorra zuena. Azkeneko bizpahiru urteak auto horrekin lehiatu zen. Denbora askoz ere hobeak egiten zituen, "baina ez nuen gozatzen. Autoa delikatua zen, eta prestaketa handia eskatzen zuen, zirkuitu batean sartu eta orduak sartzea, bere onena ateratzeko. Baina nik ez nuen denborarik, eta ez nion etekin guztia atera. Oso azkarra zen, eta martxa aldatzerakoan okertzen bazinen, atzera begira jartzen zen" gogoan du Harbyk. Bere garaian erabaki okerra hartu zuela aitortu du. "Zalantzan egon nintzen, formula edo Speed Carra erostea, eta okertu nintzen. Speed Carra erosiko banu gehiago gozatuko nuela uste dut; gidatzeko errazagoa da". Iritzi berekoa da Harbyren iloba, enduroko moto gidaria den Miguel Angel Perez Arbina. "Osabak 2007an parte hartu zuen Urbasako Igoeran azken aldiz, formularekin. Speed Carra izango balu, ziur urte gehiago iraungo zuela". Harbyk automobilismoa uztea erabaki zuen, formula saldu zuen, baina Simca Rallya beti mantendu izan du. "Duela gutxi olaztiar baten ezkontzara atera genuen, ilusioa zuelako". Simca saltzeaz, "ezta pentsatu ere. Ez du preziorik, sentimendua da".