Eguna euritsu esnatu zen, baina XVI. Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa abiatzerako ez zuen euririk egiten. Urbasako tartekako lainoa kenduta, korrika egiteko egun paregabea izan zuten Sutegik antolatutako proban parte hartu zuten 149 korrikalariek. 17,2 km eta 920 m desnibel + osatu behar izan zituzten Urbasa-Andiako bazter zoragarrietan barna. “Ibilbide guztia bustia dago, lokaztua, irristakor” azaldu zuen Sutegiko Fermin Zornozak. Guztia behar bezala antolatzeko 70 boluntariok lan egin zuten, eta eskertuta zeuden Sutegikoak. Nagusien proba jokatzen zen bitartean, 50 neska-mutikok parte hartu zuten txikiendako probetan.
Sutegik joan zen urtean lasterketako ibilbidea moldatu behar izan zuen, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak eskatuta, aurreko ibilbidea Urbasa Andian babes berezia duten gune batzuetatik pasatzen zelako. Moldaketak eginda, Gainsol, Txondorren bidea, Zelai Haundi, Larrakarte eta Morterutxo bezalako paraje ikusgarrietatik pasa zen lasterketa.
Milanen erasoa
Lasterketa erdirako aurretik jarri ziren Milan Quandt, Ibai Primicia eta Edu Esteban. Lehendabiziko biek egin zuten aurrera, eta esprinta jota bakarrik iritsi zen Quandt iruindarra (1:35:08). 17 segundo atera zizkion Txantrea Trail taldeko Ibai Primiciari. Edu Esteban sartu zen hirugarren (1:37:02). Lehen sakandarra Gorka Acebes olaztiarra izan zen, sailkapenean hamabigarren (1:44:09).
Milan Quandt-ek ez zuen irabaztea espero. “Disfrutatzeko asmoz etorri naiz lasterketara, beti bezala. Pixka bat goian egotea zen helburua, baina irabaztea, inondik inora. Hasieran hirurok batera ibili gara, eta gero erasoa jo dut. Badakit azkeneko jaitsieran Ibai oso ongi ibiliko zela, eta hor topera estutu dut. Azkenean, tartea mantendu eta irabaztea lortu dut”.
Bi Izaskunen arteko lehia
Emakumezkoetan probaren tarte handi bat batera egin zuten Izaskun Beunzak eta Izaskun Olletak. Taldekideak dira Beste Iruña klubean, aspaldiko ezagunak. Bukaeran, Izaskun Beunzak aurrera egin eta gailentzea lortu zuen (2:01:03), Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketako bere hirugarren garaipena lortuz. Olaztiarrak 2 segundo eskas atera zizkion Olleta iruindarrari (2:01:05) eta helmugan besarkada sentitua eman zioten elkarri. Hirugarren Aida Corchero araiarra izan zen (2:05:19).
Izaskun Beunza hirugarren garaipena lortzeagatik "pozik" zegoen helmugan. "Hasierako portu zaharrean bera aurretik jarri da, baina jaisterakoan harrapatu dut, eta hortik aurrera elkarrekin joan gara. Izaskun Olleta asko ezagutzen dudanez, horrek lasterketa planteatzeko aukera ematen dizu, eta azken erasoa jotzen asmatu dut”. Aurreko astean Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean aritzetik zetorren. “Uharte beste mundu bat da, igerilekuetatik hasita sufritzen dut. Sufritzera ohituta nago, baina modu dosifikatuago batean” zihoen, irribarrez.
Beteranoen artean Alcoiko Emili Sellés y Segui izan zen azkarrena, helmugan hamargarren sartu eta gero (1:43:20). Emakumezkoetan, Silvia Perez altsasuarra (3:13:50).
Guztiaren gainetik, herrikoia
Sutegik lasterketa herrikoiaren aldeko apustuari eusten dio. Guztira 46 sakandarrek osatu zuten proba. "Guztiaren gainetik, gure probak lasterketa herrikoia izan nahi du, bertako korrikalariek lasterka egiten segi dezaten. Izar handiak etortzen ziren urteak aspaldi pasa ziren. Aurten, 149 korrikalarik eman dute izena, giro ona egon da, eta oso kontentu gaude" nabarmendu zuen Fermin Zornozak.
Sakandarrak XVI. Olatzagutia-Urbasan
Gizonak
1. Milan Quant 1:35:08
12. Gorka Acebes 1:44:09
14. Juan Larrea 1:46:33
22. Joxeja Maiza 1:52:02
24. Jose L. Beraza 1:52:31
26. Iraitz Berastegi 1:52:59
33. Ibai Perez 1:56:54
35. Ibon Ubeda 1:58:25
36. Alain Perkaz 1:58:26
37. Asier Amiama 1:58:47
42. Kepa Gordo 2:01:52
49. Jorge Azanza 2:03:26
50. Andoni Azanza 2:03:29
53. Jon Mendia 2:04:08
54. Fran Araña 2:04:10
55. Igor Maiza 2:04:23
57. Asier Leiza 2:04:41
60. Asier Pellejero 2:05:27
61. Iurgi Flores 2:07:32
66. Eñaut San Vicente 2:10:28
67. Juan Garziandia 2:10:36
69. Ruben Izko 2:11:14
71. Sergio Sanca 2:12:35
72. Iñaki Garcia 2:12:54
78. Adrian Claver 2:14:37
80. Javi Morras 2:14:37
84. Iosu Urriza 2:15:28
87. Jon Gil 2:16:35
88. Ander Mikeo 2:17:32
92. David Oroz 2:20:56
93. David Fernandez de Garaialde Lazkano 2:22:26
95. Aitor Pinto 2:23:08
96. Oihan Aldaz 2:23:25
97. Egoitz Aldaz 2:23:32
98. Andoni Barrena 2:24:25
104. Aritz Irigoien 2:27:24
105. Ismael Lopez de Goikoetxea 2:27:31
107. Eneriz Besga 2:30:00
108. Luis Miguel Lima 2:30:03
112. Jon Izquierdo 2:32:29
114. Asier Agirre 2:33:50
115. Juanjo Otsoa 2:33:50
Emakumeak
39. Izaskun Beunza 2:01:03
62. Ines Moreno 2:08:11
79. Olatz Azazeta 2:14:37
122. Silvia Rodriguez 2:46:30
133. Silvia Perez 3:13:50