Automobilismoa

Alpinche mitikoa, berriro Urbasan

Guaixe 2024ko urr. 4a, 12:00

Alpinche autoaren aurkezpena, zaharberritu ondoren,2022an Ourensen. J.A. SANTISO / ESTANISLAO REVERTER FUNDAZIOA

Alpine eta Porsche hibridoa den Alpinche auto mitikoa Urbasara hurbilduko da, 49 urte geroago. Urriaren 4an aurkeztuko dute Olaztin, eta Urbasako Igoeran itxiera autoa izango da.

XLII. Urbasako Igoera nobedadeekin dator. Batetik, Sakana Motorsport eskuderiak ordu bat aurreratu du probaren hasiera. Larunbatean, 12:00etan hasiko dira entrenamenduak, eta segidan bi mangak jokatuko dira. Errepidea gaur itxiko da, 19:00etan. Nafarroako eta Errioxako Mendi Txapelketetarako eta Nafarroako Formula Libreko Trofeorako baliagarria da. 100 pilotu inguruk hartuko dute parte, eta joan zen urteko irabazle Arkaitz Ordoki, Iker Palacios, Daniel Jimenez, Miguel Gutierrez eta Miguel Alonso daude faboritoen artean. 

Orain arte Harby izaten zen proba zabaltzen zuena, Simca Rallyarekin, baina aurten aldaketak daude. Alpinche auto mitikoa izango da Urbasako Igoeran, Porsche motorra duen Alpine autoa; hortik izena, Alpinche. 

Alpinchearen historia
Auto mitikoa Estanislao Reverter pilotu galiziarrak sortu zuen 1970 urtean, eta iraultzailea izan zen. Ez zen gidatzeko auto erraza, Renault Alpinearen arintasuna eta Porsche motorraren 220 zaldiak koktel esplosiboa osatzen zutelako. 1975. urteko apirilaren 5ean eta 6an Estanislao Reverterrek eta Jose Luis Salak XVI. Rallye Vasco Navarron parte hartu zuten Alpinchearekin, eta Urbasako 21 km-ko eremuan istripua izan zuten, elurra tarteko. Errepidetik atera, eta aparkatuta zeuden bi autoren kontra jo zuen. Ez zen ezer larririk gertatu, baina Alpincheari muturra aldatu behar izan zioten. Urte horretan bertan, hilabete batzuk beranduago, Sherryko Rallyan txikituta geratu zen autoa. Hortik aurrera, Revertertarren bajeran egon zen gorderik. 

2015ean Reverter fundazioak Alpinchea berreskuratzeko prozesua abiatu zuen. Goitik beherako zaharberritzea egin ondoren, ikusgarri dago autoa. 2022an aurkeztu zuten, Ourensen, eta ordutik ikusgai dago Estanislao Reverter Fundazioan. 

49 urte ondoren, Alpinchea berriro Urbasan egongo da. Gaur, ostirala, aurkeztuko dute Olaztin, arratsaldez. Unsain Grupo izan da autoa Galiziatik ekartzeko gastuak ordaindu dituena, eta Alpinchearekin batera, beste bi Alpine ekarriko ditu. Urbasako Igoerako 0 autoa Alpinea izango da, eta Alpincheak Urbasako Igoera itxiko du. 

Segurtasuna bermatu eta ingurumena zaindu
Urbasako Igoera ikustera hurbilduko diren milaka zaleen segurtasuna bermatzea, hori da Sakana Motorsporten kezka nagusietako bat. Horregatik, baimentzen ez diren guneetan ez jartzeko eskaria egin diete motorzaleei. Soilik baimendutako gunean jarraitu ahal izango da proba. Bestalde, Urbasa Andia Natur Parkea dela gogora ekarri du eskuderiak, eta dena garbi-garbi uzteko eskaria egin diete zaleei.