Sakana Motorsport eskuderiak antolatuta, 42. Urbasako Igoera jokatu zen aurreko larunbatean. Aurten ordu bat aurreratu zen proba, 12:00etara. Agian lehen orduan ez zen horrenbesteko ikusle pilaketarik izan; entrenamenduak bukatuta hasi zen zale gehiago ikusten. 103 pilotuk hartu zuten parte, eta, beti bezala, gidariek euren onena eman zuten probak zituen 5,3 kilometro eta 39 bihurguneetan, erakustaldia eginez. 82 pilotuk lortu zuten proba bukatzea.
Ez zen sorpresarik egon eta Arkaitz Ordoki (Nova NP-03) izan zen Urbasako Igoerako txapelduna, joan den urteko garaipena berrituz. Pilotu iruindarra iazko denboretan ibili zen. Iaz 3:16.701 minututan irabazi zuen proba, eta aurten 3:16.080tan, ehuneneko batzuk azkarrago. Nolanahi ere, 2022an Joseba Iraolak ezarritako errekorretik (2:57.862) urruti geratu zen. Bigarrena Daniel Jimenez (BRC B49) izan zen, 12 segundora (3:28.978), eta hirugarren Iker Palacios Andueza lakuntzarra (BRC B52), 16 segundora (3:32.923). Palaciosek 4 segundotan hobetu zuen iazko denbora. Behetik gora egin zuen, entrenamenduetan 3:42.001eko denbora egin baitzuen. Lehendabiziko hiru sailkatuek lehen mangan egin zuten euren denborarik onena.
Zaleen babesarekin
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Arkaitz Irigoien Barandiaran bakaikuarra 21. sailkatu zen (Clio, 3:59.252), bigarren sakandar onena eta bigarren laugarren klasean; Odei Juango lakuntzarra 23. izan zen (BMW E46, 4:00.192), hirugarren sakandarra; Delfin Goikoetxea Esnaola 40. sailkatu zen (Alpine PRM Proto, 4:07.248); Asier Juanez Garcia 42. (Clio Sport, 4:08.846), zortzigarren klasean lehena; eta Ander Gurmindo Vicente 44. (Clio Sport 4:09.511), 7. klasean hirugarren. Arakil Motorsporteko Jesus Perez de Obanos Belokik ezin izan zuen proba bukatu.
Alpinchea, ikusmin handia
1970.ean sortu zuten Alpinche autoa, Alpine eta Porscheren arteko hibridoa, arrakasta handia izan zuena. Autoa 1975.ean Urbasan egon zen, eta istripua izan zuen, elurrarengatik. Zaharberrituta, Urbasako Igoerara ekarri zuten mangak ixteko, eta zaleen artean ikusmin handia sortu zuen.
Sakana Motorsport-ek eskerrik beroenak eman nahi dizkie boluntario guztiei, ibilbidea garbitu zuten Sarayko kideei eta sarrerak saldu zituzten Olaztiko eskolakoei baita ere.