Kiroldegirako bi langile kontratatu eta lan poltsa sortuko du

Guaixe 2024ko urr. 31a, 11:14

Olatzagutiko Erburua kiroldegia. ARTXIBOA

Atezain garbitzaile lanpostuak bete nahi ditu udalak.

Olatzagutiko Udalak jakinarazi duenez, Erburua Olazti SM enpresa publikoak kiroldegian atezain garbitzaileko bi lanpostu bete nahi ditu. Horretarako, deialdia egin du eta hura baliatuz lan poltsa osatuko du. Azken horren bidez, ordezkapen posibleak bete nahi lituzke. Udalak jakinarazi duenez, kontratazioa aldi baterakoa izango da eta lanaldi osokoa. Aldi baterako kontratua formalizatuko da hutsik dagoen lanpostua behin betiko bete arte. Lanaldia astelehenetik ostiralera izango da, 08:15etik 13:30era, eta ostiraletan 14:15era, goizeko txandan, eta 15:15etik 21:30era, arratsaldeko txandan. Hala ere, orduen banaketa malgua izango da, eman beharreko zerbitzuaren beharretara egokitzeko. Udalak hautagaiei euskaraz hitz egiteko gaitasuna eskatu die. Eskaerak azaroaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira. Deialdiari buruzko informazio gehiago olazti.eus webgunean dago.