Ludotekan izena emateko epea zabalik dago

Guaixe 2024ko aza. 13a, 11:18

Olatzagutiko Akelarre ludoteka hutsik. ARTXIBOA

Lau eta hamabi urte arteko umeei zuzenduta dago udal zerbitzua. 

Olatzagutiko Udalak jakinarazi du Akelarre ludotekak azaroaren 13an, asteazkenean, zabalduko dituela ateak. Udal zerbitzua erabili nahi duten gurasoek ludotekan bertan egin beharko dute izen ematea, astelehenetik ostegunera, 6:00etatik 19:00etara. Izena emateko orria bete eta zerbitzuagatik dagokiona bertan ordaindu beharko da. Ume bakarragatik bost euro ordaindu beharko dira, zortzi bi  anai-arreba edo gehiagok izena ematen badute. Udalari aldez aurretik hala eskatuta, tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo dira beren ekonomia prekarietatea egiaztatzen duten pertsonak. Horretarako, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek emandako txostena beharko dute. Udalak jakinarazi duenez, izen emateak urte osoan zehar onartuko dira, baldin eta plaza libreak badaude, eta ordainketaren zenbatekoa berbera izango da, inskripzio-data edozein izanda ere.

Izena emateko aipatutako adin tarteko umeak izateaz aparte, udalak beste baldintza batzuk ezarri ditu. Ludotekan izena emateko haurrek esfinterren kontrolean autonomia izan beharko dute. Salbuespena izanen dira autonomia falta hori justifikatzen duten dibertsitate funtzionala duten haurrak. Bestetik, izena ematerako garaian, lehentasuna izango dute Olatzagutian erroldatutako haurrek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Olatzagutiko Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat.

Antolaketa 
Akelarre ludoteka astelehenetik ostegunera egonen da zabalik. Astelehen, asteazken eta ostegunetan  eskola laguntza emanen du 16:00etatik 17:00etara. Zerbitzu horrek neska-mutilei beraien ikaskuntza prozesuan laguntzeko asmoa du. Tarte horretan hizkuntza landuko da, etxeko lanak egin eta bestelakoetan arituko dira. Udalak gaztigatu duenez, zerbitzu horretarako haur kopurua gehiegizkoa izanez gero, hiru egun izan beharrean txandak egingo lirateke denei aukera eman ahal izateko.

Ludoteka zerbitzua astelehen, astearte eta ostegunetan egonen da, 17:00etatik 19:00etara. Bitarte horretan umeek aukera izanen dute jolasteko, ipuin kontaketan aritzeko, eskulanak egiteko, mozorrotzeko eta bestelakoetarako. Udalak ohartarazi du izena emandako haur kopurua gehiegizkoa izanez gero, hiru egun izan beharrean txandak egingo direla denei aukera eman ahal izateko.

Azkenik, asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara, ludoteka txikia izanen da, 0 eta 3 urte arteko umeei zuzenduta. Zerbitzu horretan txikitxoek heldu batekin joan beharko dute eta beraien ardura izango da umearen zaintza.