Lurraren aldarria lelopean IX. Alimenta Navarra Sariak Tuteran banatu ziren atzo. Navarra Capitalek eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Klusterrak (NAGRIFOOD) antolatutako sariketa horretan Nazioartekotze mailako saria eskuratu zuen Quesos Albeniz enpresak. Epaimahaiak bost kontinentetan eta berrogeita hamar herrialde baino gehiagotan egotea goraipatu zuen, "berrikuntzan eta malgutasunean oinarritutako kudeaketaren barruan". Hain zuzen ere, destino horietan guztietan beren produktuek "harrera ezin hobea izan dute, bereziki Alemanian, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan". Aldi berean, lekua hartzen hasi dira "beren sektorerako hain zorrotzak diren Arabiar Emirerri Batuetan edo Frantzian".
Epaileek gaineratu zutenez, "emaitza horiek, nazioarteko aitortzekin batera, duela 45 urte baino gehiago hasi eta, argi eta garbi, Nafarroa marka munduan zehar daraman proiektu baten ahalegina eta dedikazioa bermatzen dute", gaineratu zuten epaimahaikideek beren epaian.
Esanak
Olatzagutiko enpresako esportazio manager Jorge Marcosek Mikel Irujo Amezaga Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariaren eskutik jaso zuen saria. Marcosek esan zuenez, "sari hau lanean jarraitzeko, bidaiatzeko eta gaztak Espainiatik kanpo aurkezteko indarra ematen digun laguntza eta bultzada da". Marcosek sariketaren leloa gogoan, belaunaldi erreleboa ziurtatzen duten abeltzain gazteen lana eskertu zuen. "Oso garrantzitsuak dira guretako, haiek gabe ezingo genukeelako gure gaztak egiteko erabiltzen dugun lehengaia lortu. Era berean, gure enpresaren esportazio jardueraren aitorpena da, eta hori ezinezkoa izango litzateke daukagun giza kapitalik gabe. Asko dira gure jardueraren egunerokotasunean inplikatuta dauden sailak", azpimarratu zuen.