Maitane Vilariño Mendinuetak argi eta garbi azaldu du bere sare sozialetan: “Ametsak egi bihurtuz!”. Hala sentitzen da Athletic-eko jokalari olaztiarra lehen mailako Athletic-ekin lehen gola sartu eta gero. Berez Athletic-en bigarren taldeko jokalaria da Vilariño, baina lehen taldearekin entrenatzen du, eta aurki debutatu zuen lehen taldean. Azaroaren 23an, lehen mailako Athletic-ek eta Madril CFF taldeak jokatutako partidan garaipenaren gola lortu zuen olaztiarrak, lehen mailako taldearekin jokatutako bere hirugarren partidan. Jakina, pozez zoratzen dago olaztiarra. “Talde nagusiarekin minutuak gehitzen joatea da asmoa, eta 3 puntuak lortzen lagundu ahal izatea eta lehen mailan golarekin debutatzea sekulakoa izan da, amets bat. Oso pozik nago” azaldu zuen.
Aurreikusi moduan, Athletic eta Madril CFF taldeen arteko norgehiagoka oso estua izan zen, eta bi taldeak parez-pare ibili ziren. Errealaren kontrako derbian 1-0 galdu eta gero, garaipena lortu nahi zuen Athletic-ek. Horrela, David Aznar entrenatzaileak aldaketak egin zituen, eta Sanadri eta Maitane Vilariño berdegunera atera zituen, erasoan indar gehiago jarri eta markagailua irekitzeko asmoz. Eta hala izan zen, 75. minutuan Vilariñok gol ikusgarria sartu baitzuen boleaz, Athletic Cluben jokalari profesional gisa bere lehen gola. “Cornerrean Clarak oso ongi jarri du baloia, nik zortea izan dut alderatutako baloia jaso dudalako, eta zortea izan dut boleaz egindako jaurtiketa barruan sartu delako”.
F Liga edo lehen mailako liderra Barcelona da (33 puntu). Real Sociedad laugarren da (19 puntu) eta Athletic Club bosgarren (17 puntu). Hurrengo jardunaldia abenduaren 7an jokatuko da eta Athletic-ek Levante Badalona hartuko du, 16:00etan, Lezaman.