Olatzagutiko Udalak eguberritarako Orekan kontziliazio programa prestatu du. Udalak azaldu duenez, eskaintza berriaren helburua da "gurasoek edo tutoreei erraztasunak ematea beraien lan erantzukizunak bete ahal izateko, beti ere seme-alaben zaintza eta ongizatea alde batera utzi gabe". Horretarako, udalak "adingabeen garapen integrala sustatzen duten jarduera eta espazio seguruak" eskainiko ditu.
Orekan programa 2020tik 2012ra bitartean (biak barne) jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago. Beti ere, esfinterren kontrolean autonomia badute, edo autonomiarik eza justifikatzen duen dibertsitate funtzionala dutenendako. Guztira hamabost plaza izanen dira. Hala ere, dibertsitate funtzionala duten adingabeak inskribatzen badira, eta dibertsitatearen arabera, plaza kopurua murriztu daiteke. Programaren egoitza Akelarre ludoteka izanen da eta programa horretarako abenduaren 23, 24, 26, 27, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2, 3 eta 7an egonen da zabalik. Udalak bi ordutegi eskaini ditu. 09:00etatik 13:00etara eta 11:00etatik 13:00etara. Udalak gaztigatu duenez, "bigarren aukera martxan jarriko da, aurreneko aukeran plazak osatzen ez badira, txanda hori lehentasunezkoa baita".
Izen ematea udaletxean egin dateke hilaren 18ra arte. Tarifei dagokienez, lehen ordutegi aukeran haur bategatik 17 euro ordaindu beharko dira, familiako bi edo gehiago badira 27 euro. Bigarren ordutegi aukeran, berriz, 9 eta 14 euro izanen da matrikula. Tarifak ordaintzetik salbuetsita egongo dira udalean berariaz eskatu ondoren, oinarrizko gizarte zerbitzuek horretarako egindako txostenaren bidez prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak.