Makina bat objektu, haien artean arropa, oinetakoak, jostailuak, liburuak, salgai izan ziren Olatzagutiko pilotalekuan domekan. Baita pastak ere. Guztia euro bakarrean edo bitan eskuratzeko aukera izan zen. Jasotako dirua Salam Gaza elkarte nafarrak jaso zuen. Saldu gabe gelditu zen materiala Iruñeko Elkarri Laguntza gobernuz kanpoko erakundearendako izan zen. Dena ez zen azoka, haurrek kooperazio jolasekin jolasteko aukera izan zuten. Sakana Harrera Haranak txapa tailerra egin zuen. Jatekoak ere izan ziren.
Salam Gazako presidente Ola Arafat Olatzagutian izan zen eta azaldu zuenez, “gazatarrekin eta hainbat erakunderekin zuzenean lan egiten dugu, baliabideak optimizatzeko”. Gaineratu zuenez, Israelek “gosea eta hotza gerra arma gisa erabiltzen ari da”. Eta gogoan izan zuen “genozidioaren ondorioz, gutxienez 18.000 haur guraso edo familiarik gabe gelditu” direla. Haur horiei harrera egiteko lanean ari da elkartea. Arafatek jendeari Gazaren alde ekarpena egiteko deialdia egin zuen.
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuak eta Olatzagutiko Udaleko Kultura zerbitzuak eta ludotekak elkartasun azoka antolatzen duten hirugarren urtea da.