Ikastaroa egin ondoren Olatzagutiko elizan aurreneko jaiotza jarri zutenetik 25 urte pasa dira; hamabi metro karratu zituen. Sakanako belenzaleen elkartea sortu zutenen lehen lana izan zen hura. Bi urte beranduago, 2002an eginen zuten aurreneko erakusketa, kultur etxean. 2008an elkarteak kale Nagusiko 51. zenbakian duen egoitzara lekualdatu zuten erakusketa eta ordutik, urtero, han ikusi daiteke sortzaileen lana. Aurten abenduaren 19tik ilbeltzaren 8ra arte, astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:00etara eta domeka eta jai egunetan 13:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Sakanako belenzaleen elkarteko kideak erakusketa prestatzen apirilean hasi ziren. Horretan ibili dira Patxi Agirre, Cati Mayor, Javier Beunza, Luis Borrega, Jesus Mari Garmendia, Emeterio Galan, Paco Sanz eta Felipe Orabengoa. Guztien artean dozena bat diorama edo jaiotza egin dituzte, bakoitza bost metro karratuko azalera du. Haietatik bost berriak dira. Horiek egiteko zenbait etxeren argazkitan oinarritu dira.
Bisitariak
Erakusketaren aurretik ere, azaroan, hainbat bisitari hartu zituzten. Izan ere, Iruñeak estatuko belenzaleen kongresua hartu zuen aurreko hilabetean eta hara joandako hainbat pertsona Olatzagutira joan ziren. Madril, Katalunia, Valentzia eta Sevillako jendea izan zen erakusketa ikusten. Batzuk zer ikusiko zuten bazekiten aurretik, baina ez zekitenek, jaiotzen kalitateagatik, sorpresa galanta hartu zuten. Kongresuan izan ziren guztiek ezin izan zuten erakusketa ikusi baina elkartekideek eguberritan espero dituzte, esaterako, Madril, Valladolid eta Palentzia aldekoak.
Sakanako belenzaleen elkarteko kideak ere jaiotzak ikusteko baliatzen dituzte egun hauek. Penintsula iparraldeko belenzaleen topaketa Oviedon izan zen asteburuan. 75 bat belenzale elkartu ziren. Topaketa baliatu zuten Oviedo, Villaviciosa eta Santo Domingo de la Barquerako jaiotzak ikusteko. Han beste erabateko jaiotzak egiten dituzte, irekiak.
Ikastaroa
Erakusketakoen pareko jaiotzak egiten ikasi nahi dutenek horretarako aukera izanen dute udaberrian. Izan ere, Sakanako belenzaleen elkarteak ikastaroa antolatu du. Izena eman nahi duenak erakusketan bertan du horretarako aukera. Aurten egindako ikastaroan sei parte hartzaile izan dira.
Elkarteak gaur egun 47 bat bazkide ditu. Jaiotza egileen jarduna lagundu nahi duenak erakusketan bertan egin dezake bere diru ekarpena.
Hamabi diorama
Izenak dioen bezala, erakusketaren dioramek Jesusen jaiotza irudikatzen dute, esaterako, Jesusen, Mariaren eta Joseren dozena bat pasarte jasotzen ditu erakusketak: Ama Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Jesusen haurtzaroa; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen urratsak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.