Narruak, ohialak eta bestelako jantziak maletan sartu eta Portugalgo bidea hartu zuten ilbeltzaren 17an Olatzagutiko ihote batzordeko pertsonaiek. Ilbeltzaren 19ra arte egon ziren.
1. Nora joan zarete?
Arcas izeneko herri batera; Macedo de Cavaleirostik 20 kilometro ingurura. Mapa begiratuta, Zamoraren lerro horretan dago, Ourensetik oso hurbil ere.
2. Zertara joan zarete?
Desfilatzera. Iberiar Penintsula osoko maskaradak biltzen dituen kontzentrazio bat egiten dute. 25 maskarada goaz, beraz, erakusketa edo desfile hori oso handia izango da; oso aberasgarria, koloretsua, ederra, polita eta disfrutatzeko modukoa izanen da. Portugalen, Zamoran eta Galizia alde horretan ohitura handia dago horrelako topaketak egiteko.
3. Nola sortu zen bidaia?
Gure inauteriak berreskuratu genituenetik 25. urtemuga ospatu genuenean gure ondoko inauteriak gonbidatu genituen: Zalduondo, Altsasu, Urdiain, Unanu, baita Avilako Navalosako cucurrumachosak ere. Oso egokia iruditu zitzaigun trukea egitea eta orduan hasi ginen Avilakoekin hizketan, eta haiek urte hartan Mascaravila ospatu behar zuten. Gredos mendizerra inguruko herriak biltzen dira topaketa horretan, eta kanpoko gonbidatuak hartzen dituzte ere bai. Orduan hasi ginen Navalosakoekin. Gonbidatuta joaten zarenean eta beste inauteri batzuk ere gonbidatuta daudenez, jendea ezagutzen duzu. Herri bazkariak egiten dira eta bertan jende guztia elkartzen gara. Izugarrizko elkartruke kulturala da. Guk ezagutzen ditugu hango inauteriak, ohiturak, hizkuntza, kantak... Eta etortzen direnean ezagutzen dituzte gure hizkuntza, ohiturak, gastronomia eta abar. Aurreko urtean Asturiasen egon ginen eta bertan Caretos de Arcas portugaldarrak zeuden, haiekin harremanetan jarri eta horrela sortu zen bidaia. Aurten ezin dira etorri, baina 2026an etorriko dira.
4. Nolakoak dira Arcasko inauteriak?
Ikusgarriak dira. Jantzi gorri, granate eta marroiak daramatzate. Aurpegian egurrezko maskara bat, iluna eta desfilea egin ondoren borroka egiten dute. Borroka portugesaren oinarria dela uste dut. Bi gizon aurrez aurre daude eta saiatu behar dira bestearen hanka jasotzen, lurrera botatzen eta bizkarra lurraren kontra jartzen. Benetan ikusgarria.
5. Olaztikoekin zerbait komunean dute?
Kanpotik begiratuta ez duzu ikusten deus, oso jantzi desberdinak direlako. Komunean oso aspaldikoak direla dute. Haiek inauteriak inauteri garaian ospatzen dituzte, udaberriari dei eginez natura neguan lo egon ondoren. Antropologikoki komunean horixe daukagu.
6. Zer pertsonaia joan zarete?
Zamar handiak, zamar txikiak, neskak, alkate jaun edo anderea eta Mari Arroka haren suzko igitaiarekin. Toki guztietan Mari Arrokaren sarrera triunfala izaten da, ikaragarria. Belargileak ere joanen dira, gaur egungo medikuak liratekeenak.
7. Zenbat pertsona?
28 lagun. Horrelako topaketa batetara joaten garenean aurrean dagoen taldea eta atzean dagoena ikusten dugu. Sakabanatzeko zaila da, taldeka goaz; desfile bat da.
8. Zerbait berezia prestatu duzue?
Aurreko urtean tarte luzez itxoitea tokatu zitzaigun eta itxoiten genuen bitartean dantzatzea erabaki genuen; dantza arruntak, polka eta abar. Izugarrizko arrakasta izan zuen. Jendea poz-pozik zegoen. Ekitaldi hauetan zortzikoa, jota eta porrusalda, polka, zazpi jauzi eta abar egiten ditugu ere bai eta sekulako arrakasta izaten dute. Bukatzean bost inauteri gerturatu ziren trukea egiteko; baina ezin dugu data berberetan ospatzen ditugulako inauteriak.
9. Non gehiago egon zarete?
Asturiasen, Avilan, Guadalajaran, Iparralden ere egon ginen, eta orain Portugal.
10. Neskaren eskultura mustu zuten. Nola sortu zen ideia?
Ideia udalarena izan zen, eta eskertzekoa da. Eskolako frontoiaren ondoan bazegoen sekuoia bat, sekulakoa, eta tximista batek jo zuen eta barrutik erreta zegoen. Zaindu zuten, baina gaixotasuna barnera zihoan eta pena bat zen horrelako zuhaitz bat botatzea, beraz, eskultura bat egitea pentsatu zuten. Ihoteak errepresentatzen zuen zerbait egitea pentsatu zuten; neska. Emakumea naizen aldetik izugarri pozten naiz neska izatea. Oso polita da. Aurten bertatik aterako da inauteria.
11. Laster inauteriak. Prestatzen hasi zarete?
Bi egunetan ospatzen ditugu: ostiralean Mari Arrokaren ongietorria izaten da eta hori ere hunkigarria izaten da, eta larunbatean pertsonaia guztiak ateratzen dira. Azken aste hauetan oso lanpeturik ibili gara Portugalera joateko prestakizunekin, eta bueltatutakoan serioago jarriko gara gure ospakizunarekin.