Txorizale asko elkartu ziren Olaztiko topaketan

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urt. 20a, 08:59

Txorizaleek publikoari hazitako hegaztiak erakutsi zioten.

Etengabeko jende joan-etorria izan zen Olatzagutiko 6. txori erakusketa eta truke jardunaldian. Hamabost bat kide dituen elkarte antolatzailea pozik zegoen erakusketak izan zuen harreragatik. Ekimenak ere txorizaletasuna sustatzeko balio izan zuen

Aralar mendia ornitologia elkarteak antolatuta, Olatzagutiko frontoiak seigarren txori erakusketa eta trukea hartu zuen domekan. Kantxan barna jarritako mahaietan 47 bat txori hazle egon ziren beraien hegaztiak erakusten. Frantzia, Valladolid, Burgos, Aranda de Duero, Santander eta Hego Euskal Herriko hazleak elkartu zituen topaketak. "Joan zen urtean baino hamar bat gehiago", zehaztu zuen Sergio Flores Barrosok, elkarte antolatzaileko kide olaztiarrak. "Gainera, gure elkarteko kide batek denda itxi zuen eta gelditzen zitzaion materialaren zati bat salgai jarri du hemen". 

Mota ugaritako hegaztiak ikusgai izan ziren Olatzagutian. "Babestuta ez dauden eta etxean haz daitezkeen hegaztiak dira: kanarioak, basa kanarioak, mistoak, gailupak, mexikar gailupak, loroak, karnabak, agaporniak, ninfak... denetarik dago". Floresek zehaztu zuenez, "ikusgai dauden txori guztiak hazleek hazitakoak dira, guztiak eraztunduta daude". 

Antolatzaileak pozik zeuden erakusketak izandako harrerarekin. "08:00etan zabaldu ditugu ateak eta 10:30eraino jendetza egon da. Asko kanpokoak ziren. Badakite zer dagoen. Hazleei aurretik hots egiten diete zer nahi duten azalduz. Guztia ikusi, erosi eta alde egiten dute". Batzuek txoriak erosi zituzten, beste batzuk trukatu egin zituzten. Izan ere, hazleak hegaztien odol kidetasuna saihesten ahalegintzen dira, "beti berdinarekin ezin baita jarraitu", zehaztu zuen elkarteko kide Gabi Ormazabalek. Halako erakusketak txorizaleen haztegietan "odol berria sartzeko" baliatzen dituzte. 

Goizak aurrera egin ahala, 10:30etik aurrera, "herritarrak eta sakandarrak dira etortzen direnak", azaldu zuen Floresek. Horiek mahaiz mahai kuxkuxeatzen ibili ziren. Ormazabalek esan zuenez, "hainbeste txorizale elkartzea pozgarria da. Jende dezente etorri da. Jendea gustura dago. Hau ikusteak txorizaleoi poz handia ematen digu". Jarraitzeko motibazioa zela gaineratu zuen Ormazabalek. 

Elkarteko kideak azaldu duenez, "erakusketari esker olaztiar askok bikoteak erosten dituzte, probatzeko. Kalean ere galdetzen digute. Eta etxean txitoak lortzen saiatzen dira ere. Azken finean, esker oneko jarduera bat da". Hala ere, Ormazabalek aholkuak eman zituen: "poliki-poliki hastea, txori gutxirekin. Ikasi, eta dakien batekin egon jakiteko zer janari eman behar zaien, gauzak nola egin behar diren azaltzeko. Ez da zaila, baina jakin egin behar da". 

Elkartean hiru sakandar daude, iturmendiar bat eta bi olaztiar. "Txoriak hazten hasi nahi dute bi gazte sartzear dira".