PVCzko leiho eta ateak egiten dituen Egoki enpresa itxi eginen dute. Hala baieztatu du ELA sindikatuko Sakanako arduradun Gorka Viergek: "azken hilabeteak kaxkarrak, eskasak, izan dira. Eta langileei eguberrien aurretik enpresa itxiko zutela jakinarazi zieten". Viergek azaldu duenez, "enpresa hartzekodunen lehiaketan dago. Epaitegiak administratzaile bat jarriko du enpresa ixteko". ELAko kideak aitortu duenez, "ez da itxiera beste konponbiderik sumatzen. Enpresa txikiak eskuratzeko interesa ez da izaten. Honek itxura txarra du, ez da gidoi aldaketarik aurreikusten, itxiera baizik".
Dozena bat pertsona izanen dira lanik gabe geldituko direnak. ELAko Sakanako arduradunak azaldu duenez, "adinari erreparatuta, plantillan bi talde daude. Batetik, 60 urte inguru dituzten sei langile, eta itxiera albistearekin kolpe handia hartu dutenak, jubilazioa gertu ikusten zutelako. Bestetik, duela bizpahiru urte enpresan lanean hasi ziren 30 urte inguruko gazteak".
Viergek azpimarratu duenez, "itxiera penagarria da. Gazteei Sakanan lan egiteko aukera gutxiago gelditzen zaie".
Borroka
Ilbeltzaren 24an, ostirala, 20:00etan, Egoki langileak borrokan lanpostuen alde lelopean elkarretaratzea eginen dute, Olatzagutiko Intsumisio plazan.