Orekan kontziliazio programak segida izanen du

Guaixe 2025ko ots. 4a, 09:30

Haurrak San Migel plazan. ARTXIBOA

Familia eta lan ardurak bateragarri egiteko asmoa du. Gabonetako estreinako eskaintzaren balorazioa egin ondoren, harekin segitzea erabaki du udalak. 

Olatzagutiko Udalak Orekan kontziliazio programa eskaini zuen estreinakoz Gabonetan. Udalak azaldu zuenez, eskaintza berriaren helburua da "gurasoei edo tutoreei erraztasunak ematea beraien lan erantzukizunak bete ahal izateko, beti ere seme-alaben zaintza eta ongizatea alde batera utzi gabe". Horretarako, udalak "adingabeen garapen integrala sustatzen duten jarduera eta espazio seguruak" eskainiko ditu Akelarre Ludotekan. 

Kontziliazio programaren estreinako erabiltzaileak 2012. eta 2020. urteen artean jaiotako sei neska-mutil izan dira. Akelarre ludoteka izan ziren abenduaren 23, 24, 26, 27, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2, 3 eta 7an, goizez. Udalak programaren esperientziaren balorazio oso ona egin du eta, dagoeneko, Aste Santuko eskaintza prestatzen hasi da. Oreka programa apirilaren 22tik 25era, asteartetik ostiralera eskainiko du.