Estatuko hanburgesa onena Olaztin?

Guaixe 2025eko otsailaren 6a

Lehiaketara aurkeztutako hanburgesa. UTZITAKOA

Hori erabakitzeko lehiaketan izena eman du taberna batek.

Bosgarren aldiz Espainiako Hanburgesa Onena saria jokatuko da. Lehiaketara, guztira, 450 hanburgesa aurkeztu dituzte. Lehenik erkidegoko kanporaketa jokatzen da. Nafarroan bederatzi establezimenduk eman dute izena lehiaketan, tartean Olatzagutiko Barandi tabernak. Lehiaketako epaimahaia bezeroak izanen dira. Hanburgesa epaitzerakoan kontuan izan beharko dituzte: ogiaren kalitatea, haragiarena, osagaien konbinazioa eta guztiak duen zaporea. 

Olaztiarrak lehiaketara Ziztada izeneko hanburgesa aurkeztu du. Bere osagaiak dira: haziak dituen baserri ogia, txahal okela, hjirugiarra, ziape eta ezti saltsa, tipula karamelizatua eta txeddar gazta. Aritz Barandiaranek hala deskribatu du mokadua: "zapore nahasketa bat laberatu berri den herriko baserriko ogitik, zero kilometroko txahal okelaren gustuarekin, bere tipula karamelatua, hirugihar karraskaria eta ezti eta ziape saltsa ukituarekin".

Hanburgesarekin batera tabernariak kode bat emanen dio bezeroari. Lamejorhamburgesa.com webgunearen goiko aldean dagoen Vota menua sakatu behar da. Han galdetegia bete beharko da botoa eman ahal izateko. Boto emateko epea ilbeltzaren 30ean zabaldu zuten eta martxoaren 2ra arte egonen da dastatutako hanburgesei buruzko iritzia emateko. Boto emaileen artean telefono mugikor bat zozketatuko dute.