Gaitasun digitalekin lotutako hiru ikastaro hartuko ditu Olatzagutiak

Guaixe 2025ko ots. 20a, 11:36

Olaztiarrak kale Nagusian. ARTXIBOA

Oinarrizko gaitasun digital pertsonal eta administrazio elektronikoa, administrazio elektronikoa eta telefono mugikorren erabilerari buruzkoak dira ikastaroak.

Aurrenekoa oinarrizko gaitasun digital pertsonal eta administrazio elektronikoarentzako ikastaroa da, enplegu eskatzaileei zuzenduta dagoena. Doako ikastaroa da. Izena ematen dutenak besteak beste honakoei buruzkoak ikasiko dituzte: bilaketa eta nabigazio segurua Interneten, posta elektronikoa eta bideokonferentziak, ziurtagiri digitala,  online erosketak, CL@VE sistema, administrazioarekin izapideak: medikuko hitzorduak, enplegu-eskaerak, gizarte-segurantza, ogasuna. Gainera, ariketa praktikoak eginen dituzte. Kultur etxean emanen da ikastaroa, martxoaren 10etik 21era, 09:30etik 13:30era. Informazioa eskatu edota izena emateko 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo SNEcompetenciasdigitales@nasertic.es posta elektronikoko helbidera idatzi behar da. 

Administrazio elektronikoari buruzko doako ikastaroa, berriz, martxoaren 17tik 21era izanen da, 17:00etatik 19:00etara. Hori ere, kultur etxean. Izena ematen dituztenek honako ikasgaiak izanen dituzte: Cl@ve, Ziurtagiri Digitala edo NAN elektronikoa sortzea; ikasi nola erabili Enplegu, Gizarte Segurantza,Trafiko edo Zerga Agentziaren izapide elektronikoak edo osasun karpeta pertsonalera nola sartu. 

Oinarrizko gaitasun digital pertsonal eta administrazio elektronikorako ikastaroa da azkena. Hartan izena ematen dutenek beraien telefono mugikorra eraman beharko dute. Izan ere, Android telefono mugikorra erabiltzen ikasteko ikastaroa da. Doikuntzak eta telefono mugikorraren oinarrizko erabilgarritasunak, telefono mugikorraren erabilera segurua, argazkiak eta hodeiko memoria, nabegazioa eta aplikazioak, whatsApp, esaterako erabiltzen ikasiko dute. Kultur etxeak hartuko du ikastaroa martxoaren 10etik 14ra, 17:00etatik 19:00etara. Azken bi ikastaroei buruzko informazioa nahi dutenek 948 012 012 doako telefono zenbakira hots egin edo aventuradigital.navarra.es e-posta helbidera idatzi dezakete.