Nortasun Agiria eta pasaportea herrian berritzeko aukera

Guaixe 2025ko mar. 6a, 09:00

Olatzagutiko herriko etxea. ARTXIBOA

Polizia Olatzagutira joanen da agiri horiek egitera. Aurretik udaletxean izena eman behar da. 

Olatzagutiko Udalak jakinarazi du Policia Nacionalaren Dokumentazio Ibilgailu Integrala (VIDOC), furgoneta bat, herrira joango dela. Ibilgailu horretan nortasun agiriak eta pasaporteak eginen dituzte, baita momentuan eman ere. Beraz, hala nahi duten olaztiarrek ez dute hiriburuetan Policia Nacionalak dituen Dokumentazio Unitateetara joan beharko . 

Aipatu furgonetan olaztiarrek honako tramiteak egiteko aukera izanen dute: nortasun agiria iraungitzeagatik berritzea; nortasun agiria lapurtu, galdu edo hondatu delako berritzea; helbidea aldatzeagatik berritzea; datuak aldatzeagatiko berritzea; adingabeei edo naziotasuna eskuratu dutenei aurreneko nortasun agiria egitea; pasaporteak berritzea eta eta nortasun agiriko ziurtagiri elektronikoak eguneratzea.

Adierazitako edozein gestio egin nahi duenak Olatzagutiko udaletxean eskatu beharko du, aurrez aurre, telefonoz edo eskaera elektronikoaren bidez. Horretarako martxoaren 26ra arteko epea dago. Interesa duenak harremanetarako telefonoa edo helbide elektronikoa, izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta egin nahi duten izapidea zein den zehaztu behar du. Policia Nacionalaren furgoneta Olatzagutira noiz etorriko den jakin bezain laster udalak izena emandakoei jakinaraziko die. 

Erlazionatuak