Otsailaren 28an, Mari Arroka Urbasatik jaitsi eta Olaztiko ihoteei hasiera eman ondonen, Olaztiko ihoteei buruzko komikiaren aurkezpena egin zuten herriko kultur etxean. Komikia datorren urterako aurreikusten dute, baina aurretik komikia izanen denaren fanzinea aurkeztu zuten. Bertan, besteak beste, Amaia Garmendia Katius eta Natxo Olaberria Zirriborozikin marrazkigileen ihoteetako pertsonaien irudiak agertzen dira. Proiektuaren ideia Adelaida Kintana Olaztiko ihoteetako elkarteko kidearena izan da.
"Lehenengo aldia da Olaztiko ihoteetan gaudela; komiki bat sortzeko, landuagoa eta aberasgarriagoa egiteko, lehenengo pertsonan ez badira gauzak ikusten matizeak galtzen dira", esan zuen Olaberriak komikiaren proiektuaren aurkezpenean. "Ihoteak ezagutzera etorri gara, datorren urterako barneratuago izateko", gaineratu zuen Garmendiak. Ostiralean, beraz, "prebia bat, aurrerapena" aurkeztu zuten, eskuz egindako marrazkiekin osatutako fanzine edo aldizkari bat, "bozetoak, zirriborroak" daude bertan. Aurkezpenean prozesua nolakoa izaten ari den ikusteko aukera izan zuten bertaratutako olaztiarrek. Komikia euskaraz eta gaztelaniaz izanen da, eta fanzinea euskaraz egin dute.
Mari Arrokaren kondairan oiinarrituko da komikia; 'prebia' bat kaleratu dute
Olaztiko ihoteen komikiaren proiektua "antzerki batean" oinarritzen dela esan zuen Garmendiak: "Aurreko urtean Mari Arrokaren antzerki bategin zen, eta gidoi horretan oinarrituta egingo dugu komikia". Irudiak sortzeko orduan haien "rolloa" jarraitu dute, eta esaterako pertsonaien aurkezpena egiteko iratxo bat elkarrizketa egin diote. Aurkezpenean argi utzi zuten ez direla olaztiarrak, eta lehenengo aurkezpen hori egiten ari zirela "ikusten baduzu zerbait horrelakoa ez dela" jakinarazteko; "zerbait lekuz kanpo dagoela esan edo Altsasukoa dela... Horretarako etorri gara", azaldu zuen Olaberriak. Garmendiak aitortu zuenez, zamar handiei adarrak jarri zizkieten, eta "errieta" egin zitzaien.
Komikia
Nola heldu zitzaien gasteiztar eta iruindar bati Olaztiko ihoteei buruzko komikia egiteko proiektua? "Aneren lagunak gara, Adelaidaren alaba dela, eta orduan Adelaida gurekin harremanetan jarri zen nahi zuelako Olaztiko ihoteei garrantzia eman, eta ideia zen komiki ilustratu bat izatea ihoteak ezagutzera emateko". Horrela hasi ziren datorren urtean publikatzea nahi duten komikia.
Fanzinean, iratxoari egindako elkarrizketaren bidez, bi sortzaileak aurkeztu eta "lagunek kontatutako kondairei eta bizipenei esker" osatutako lana azaldu zuten. "Hemen duzue herriari egiten diogun oparia".
Adelaida Kintanak emandako dokumentazioarekin egin dute lana, eta informazio horrekin pertsonaia bakoitzaren irudia eta deskribapen txikia osatu dute. Alkatea, esaterako, beti dotore jantzita doa, herrian ezaguna da, baina besteetan ez, eta bibotearekin eta txapelarekin doa. Alkatesa beti festarako prest dago, eta euria egiten badu gona buruan jarri "eta segi aurrera". Medikuak botikina eskuan "ibili munduan", eta apaiza umeentzako ogia eta ardoa, eta gaiztoentzako makila ematen die. Basozainaren irudia ere egin dute: Urbasa guztian begiak ditu eta belaunetako minaren arabera eguraldia iragartzen du.
Olaztiko ihoteetako zamar handiak eta zamar txikiak ere komikian agertuko dira: lehenengoak gurdiaren zaindariak dira, eta arkumez jantzitako basatiak dira, eta bigarrenak azakarrak eta zikinak dira. Nola ez, neskak ere ilustratutako istoriaren parte izanen dira: oso koloretsuak dira. Bestetik, alguazila kuxkuxeroa, ttunttuneroa batuta eramaten eta belargileak, "errezeta guztien jabeak", ere agertuko dira. Iratxoak izanen dira komikiaren beste pertsonaia bat, "bihurri baina ez maltsurrak".
Mari Arroka, Urbasako Dama, ama lurraren jainko pertsonifikatua eta naturaren babeslea "eta proiektuare arrazoia" izanen da komikiaren protagonista.