1 Dagoeneko mozorroa prest duzue?
Oraindik azken ukituak falta zaizkigu (martxoaren 3an), baina gutxi gorabehera egina dago.
2 Noiz hasi zineten zertaz mozorrotuko zineten pentsatzen?
Abendu aldera bueltak ematen hasi ginen, baina zehaztu duela hilabete erdi-edo. Normalean, garaiz ibiltzen gara, baina aurten ez genekien atera edo ez. Hala geunden inauterietan hainbeste gozatu zuen lagun baten faltarengatik hain zuzen ere. Baina, azkenean, aurrera egin genuen, eta espero dugu berak ere gurekin jarraitzea. Aukeratu dugun mozorroak badu lana. Egia da beste urteetako lanak ikusita, beharbada aurtengoa ez dela hainbesterako. Baina mozorroak lana badu. Izan ere, ahalik eta etxekoena izatea gustatzen zaigu. Hau da, gauzak erostea saihesten dugu, nahiz eta, jakina, beti erosi beharreko zerbait dagoen.
3 Zerbait aurreratzerik?
Larunbatean Olatzagutiara etorri, eta kitto.
4 Aurten lehiaketan parte hartuko duzue?
Bai, beti parte hartzen dugu, duela bizpahiru urte izan ezik. Arazo batzuk izan ziren, ez genuen ongi prestatu eta ez genuen izenik eman. Baina, normalean, beti parte hartzen dugu mozorro lehiaketan. Aurretik izena emateko epea egoten da (asteazkenean itxi zen), emana dugu. Izen-abizenak, telefono zenbakia eta mozorroari jarritako izena eman behar dira.
5 Jende askok parte hartzen du?
Hasieran jende askok parte hartzen zuen. Baina, egia esan, parte hartzea urtero jaisten doa. Ez dakit, edo jendeak ez du parte hartu nahi, edo saria ez jasotzeagatik atzera egin dute... Ez dakit zer gertatzen den, baina, egia esan, hasi zenetik gaur egunera parte hartzea asko jaitsi da.
6 Nola parte hartzen du jendeak?
Normalean kuadrilan parte hartzen da, baina banaka edo binaka ere egin daiteke.
7 Zein da epaimahaia?
Herri epaimahaia dago. Hau da, guk gainontzeko parte hartzaileei puntuazioa ematen diegu. Eta aldrebes. Parte hartzen duten guztiek eman behar dute puntuazioa. Baloratzen da originaltasuna, mozorrotuta egiten den antzerkitxoa. Guk joan zen urtean 1 formulako auto bat genuen eta kuadrilakoek erregaia hartzeko unea antzeztu genuen. Horretaz aparte mozorroak zer nolako eskulana izan duen baloratzen da. Joan zen urteko irabazleen mozorroa oso originala eta barregarria zen. Prestatzeko oso erraza zen. Originala zen, hori bururatzeagatik saria irabazi zuen. Esaterako, guk lan gehiago egin genuen, baina haiena originalagoa zenez, puntuazio gehiago jaso zuten. Fregonaz mozorrotu ziren. Goma-apar moduko batzuekin tira batzuk egin zituzten, palankana batean itsatsi, buruan jarri eta hori zen mozorroa. Ez zen gehiago, baina jendeari gustatu zitzaion.
8 Noiz eta nola ematen da botoa?
Parte hartzen duten guztien izenarekin udalak papera ematen digu, eta puntuazioa ematen dugu. Zuk zure buruari ezin diozu punturik eman. Udaleko epaileak ere badaude, haiek ere puntuazioak ematen dituzte. Agian batzuk estrategia izango dute: "ez, ez. Ez eman horri bestela irabaziko du!" Guk, bereziki, gustatzen zaigulako parte hartzen dugu, ez irabazteagatik. Mozorroa prestatzerako elkartzen gara eta ondo pasatzen dugu momentu horretan. Hori ere pozez hartzen dugu.
9 Sari banaketa, noiz?
Arratsaldean, 20:00ak aldera. Plazan dantzaldia izaten da. Musika gelditu eta sariak banatzen dituzte. 150, 100 eta 50 euroko hiru sari dira. Inauteriak bukatu ondoren jasotzen dugunez saria, dirua heldu den urterako gordetzen dugu.
10 Joan zen urtean bigarrenak, aurten zein asmo?
Berdin zaigu. Gustatzen zaigulako mozorrotzen gara, ez irabazteagatik. Jakina, saria jasoz gero egindako lanagatik pozten zara. Baina ez da gure helburua saria jasotzea.
11 Zergatik parte hartu beharko litzateke mozorro lehiaketan?
Ongi pasatzeko. Jai eguna, festa eguna da. Mozorrotu gabe ez zara sartzen festaren bihotzean. Mozorrotu gabe ez da berdina, beste egun bat bezalakoa da. Mozorrotuta, hobe. Jende guztia Olatzagutiara etorri eta ongi pasatzera gonbidatzen dugu.