Ikastetxeetan opor garaia denean etxe batzuetan familia eta lana uztartzea zaila suertatzen da. Hori jakinik, Olatzagutiko Udalak Orekan kontziliazio programaren eskaintza egin du Aste Santurako, gurasoek edo tutoreek beraien lan erantzukizunak betetzeko erraztasunak emateko seme-alaben zaintza eta ongizatea alde batera utzi gabe.
Eskaintza 2020tik 2012ra bitartean (biak barne) jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago, esfinterren kontrolean autonomia dutenendako, autonomiarik eza justifikatzen duen dibertsitate funtzionala duten haurrendako izan ezik. Udalak sei eta hamabost plaza artean eskaintzen ditu. Dibertsitate funtzionala dutenek izena ematen badute, eta dibertsitate horren arabera, plaza kopurua murriztu ahal izango da.
Orekan programa apirilaren 22, 23, 24 eta 25ean garatuko da, Akelarre ludotekan. Bi ordutegi daude aukeran: 09:00etatik 13:00etara eta 11:00etatik 13:00etara. Bigarren ordutegi hori martxan jarriko da baldin eta aurreneko aukeran plazak osatzen ez badira. Txanda hori da lehentasuna duena. Ordutegi luzean haur baten izen emateagatik 8 euro ordaindu behar dira, 12 bi edo gehiago badira. Bigarren aukeran 4 eta 6 euro dira tarifak. Horiek ordaintzetik salbuetsita egongo dira udalean berariaz eskatu ondoren, oinarrizko gizarte-zerbitzuek horretarako egindako txostenaren bidez prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak. Izen ematea martxoaren 17tik apirilaren 4ra arte udaletxean egin daiteke. Udal eskaintzari buruzko argibideak olazti.eus webgunean dago.