2023an antolatu zen azken Olaztiko Rallysprinta. Iazko hutsunearen ondoren, atzera ere bueltan dago. Javier Goikoetxea Oraa olaztiarra aspaldiko ezaguna da automobilismoan. Sakana Motorsport eskuderiako kidea da, kopilotu ezagun eta preziatua eta, tarteka, pilotua. Hirurak batean. “Bizitza oso bat mundu honetan sartuta”.
Olaztiko Rallysprintaren seigarren edizioa jokatuko da martxoaren 29an. Proba berezia da, herria eta mendia lotzen dituelako.
Bai. Gutxi gorabehera urteroko planteamendu bera izango da, inguru berdinean.
Zergatik mantentzen duzue ibilbidearen behin betiko trazatua ezkutuan ibilbidearen errekonozimendu egunak iritsi arte? Taldeei aparteko abantailarik ez emateko?
Hori, batetik. Bestetik, parte hartzaileak lehenagotik zirkuitua ezagutzera ez hurbiltzeko. Taldeak hasieratik tramuak probatzera etortzen badira, bizilagunak eta herriko jendea deseroso sentitu daitezke, autoak etengabe pasatzen ibiltzen badira. Beraz, proba jokatu baino aste bat lehenagora arte itxaroten dugu. Taldeek martxoaren 22an eta 23an egin ahal izan zuten ibilbidearen errekonozimendua.
Talde asko espero dituzue?
Talde parte hartzaileen kopurua 60ra mugatuta dago, eta 50 edo 60 horietatik oso gertu egongo garela espero dugu.
Pilotu eta kopilotu sakandarrak egongo dira tartean.
Jakina! Hemen inguruan zaletasun handia dugu. Altsasuko gidari batzuk daude izena emanda, Olaztiko batzuk ere ibiliko gara... Beti bezala, sakandarrek ez dute huts egingo. Horregatik Sakanako Saria ematen dugu, Sakanako talde azkarrenak jasotzen duena. Horretaz gain, scratch sariak banatuko dira, hau da, sailkapen orokorreko sariak, kategoria bakoitzeko sariak eta junior mailako sariak.
Pilotu eta kopilotu zaren aldetik, nola definituko zenuke proba?
Denetarik du. Hasierako eremuan zonalde oso mantsoa eta estua, herriko kaleetan zehar jokatzen dena, bihurguneak oso segidan daudelako. Behin Urbasarantz ateratzen denean, ibilbidea azkartzen joaten da; Urbasan denetarik dago: bihurgune luzeak, bihurgune motzak, azkarragoak, motelagoak... Nik esango nuke, duen luzerarako, denetarik duen eremua dela.
"Olaztiko Rallysprintak denetatik du: eremu mantsoak, eta oso azkarrak"
Eta ikusteko polita.
Bai, ikusteko oso polita da, eta gerturatzeko erraza. Lasterketa herrian bertan ikus dezakezu, eta tarte azkarragoak edo irekiagoak ikusi nahi badituzu, Urbasa aldera hurbiltzearekin nahiko.
Azken egun hauek lan handikoak izango dira: zirkuitua markatu, itxi, asistentzia gunea prestatu... Aurten aldaketa nabarmena du probak: lehenengo aldia da parke itxia areto futbol pistan egongo ez dena. Parke itxia herrira gerturatuko dugu, San Miguel plazara eta inguruetara. Bertan egingo ditugu autoen egiaztapenak eta bertan egongo da parke itxia. Ingurune polita da, eta aldaketaren bat egiteagatik hartu dugu erabakia. Horrek dokumentazioari begira aldaketa batzuk egitea ekarri du, baina, horretaz gain, antolatzen ditugun lasterketei erritmoa hartuta diegu. Bakoitzak badaki, gutxi gorabehera, zer lan egin behar duen lasterketa aurretik. Astero elkartzen gara egin beharrekoak lotzeko, eta modu ia mekanikoan egiten ditugu. Dena den, egia da azken egunak, batez ere aurreko astea, mugimendu dezentekoa izaten dela.
Olaztiko Rallysprintean martxoaren 29an 8:00etan hasiko dira autoen egiaztapenak. Lasterketari dagokionez, lehendabiziko autoa 12:30ean abiatuko da irteera gunetik, eta gero lau txandak jokatuko dira jarraian. Zenbat iraungo duela aurreikusten duzue?
Pentsatzekoa da txanda edo tramu bakoitza egiteko ordu eta erdi beharko direla, tartean asistentziak daude... Sari ematea 20:00ak aldera izango dela kalkulatzen dugu.
Nola bizi dira egun hauek Olaztin?
Rallysprintean parte hartuko dutenak autoak prestatzen daude buru belarri. Beti dago lagun edo ezagunen bat autoa prestatu behar duena, eta zaleak bertan elkartzen gara, bajeratan. Herrian giroa sortzen da, probak kanpoko jende asko erakartzen duelako. Giro polita egoten da, eta jendea gogotsu dagoela uste dut.
Egun polita izango da. Sakana Motorsportetik bertara hurbiltzera animatzen duzue, ezta?
Bai, noski. Beti berdina eskatzen dugu: batetik, jendeak zonalde altuak edo babestuak aurkitzea lasterketa jarraitzeko. Leku asko daude oso seguruak direnak eta autoak oso ondo ikus daitezkeenak. Bigarrenik, komisarioek eta antolakuntzako jendeak eramaten dituzten jarraibideak errespetatzea. Eta, azkenik, inguru natural batean gaudenez, sortzen dugun zaborra jasotzea eta zaborra biltzeko tokietan utz dezagula.
Ikusleek geroz eta gehiago zaintzen dute ingurunea, duela urte batzuk baino askoz ere gehiago.
Zalantzarik gabe. Hori azpimarratzekoa eta eskertzekoa da. 2011etik, lasterketak antolatzen hasi ginenetik, esfortzu handia egin dugu ingurumena zaintzearen inguruan. Garrantzi handia eman diogu. Bezperan errepidea ixteak, bezperatik Urbasara joatera mugatzeak eta halakoek asko lagundu dute horretan. Lan asko egin dugu, eta nolabaiteko egonkortasuna lortu dugu.
Zein eguraldi eskatuko zenioke martxoaren 29ari?
Eguraldi ona, batez ere antolatzaile gisa pentsatuta. Postu batean komisario egoteko, edo parke itxian, edo proba ondoren hesi guztiak bildu behar ditugunean... lan horiek eguraldi txarrarekin egitea ez da batere erosoa.
Ea, beti bezala, Olaztikoa automobilismo festa polit bat izaten den.
Hala izan dadila!
JAVIER GOIKOETXEA, OLAZTIN PILOTU
Urte asko daramazu automobilismoan. Oso kopilotu preziatua zara. Hori diote, bederen, pilotuek. Dena den, tarteka pilotu gisa ere aritu izan zara. Aurtengo Olaztiko Rallysprintean nola parte hartuko duzu?
Aurten, buelta dezente eman eta gero, auto bat alokatzea pentsatu dugu lagun batek eta biok, Olaztiko Rallysprintean parte hartzeko. Paper aldaketa egingo dugu: normalean kopilotu gisa ibiltzen naiz, eta Sakana Motorsporteko probatan antolatzaile. Baina noizbehinka polita da autoaren beste eserlekuan jartzea eta esperientzia bizitzea, eta Olaztirako hori planteatu dugu: ni pilotua izango naiz, eta Aritz Elgarresta, Azpeitiko oso gertuko laguna, kopilotua. Urbasako Igoera pare bat aldiz egin dut, eta Euskal Herriko beste igoera batzuetan ere pilotu gisa parte hartu izan dut. Lur gainean ere korritu izan dut rallyren batean, baina asfaltozko rallysprint batean aritzen naizen lehenengo aldia izango da Olaztikoa. Beraz, esperientzia berria.
Urduriago jartzen zara pilotu edo kopilotu gisa?
Hau guztia lasaitasunez hartu behar da. Ez nago urduri, disfrutatzeko gogoz baizik. Bereziki autoa probatzeko gogoz. Ford Fiesta Rally 4 kategoriako autoarekin lehiatuko gara, auto nahiko berria, egun Mundialean kategoria txikietan, laugarren mailan, korritzen duen autoa, Munduko txapelketan junior mailan erabiltzen dena.
Sekulako trastea, beraz.
Bai, nahiko berria da.
Automobilismoan ibilbide luze eta oparoa daramazu, baina lan kontuengatik azkenaldian agian ezin diozu automobilismoari nahi bezain denbora eskaini.
Espainiako Txapelketa 2016an korritu nuen azken urtez. 2014-2016 haietan egin nituen Espainiako Txapelketako lasterketa gehienak. 2017tik aurrera Espainiako Txapelketako lasterketaren bat egin dut, baina batez ere inguruan jokatzen denetakoren bat, eta, bereziki, gertuko lagunekin. Joan zen urtean lau lasterketa egin nituen, bat Javier Leyunekin, lur gainean, eta oso ondo ibili ginen Skoda autoarekin. Beste bat Lea-Artibain egin nuen, Iñaki Narbaiza beste lagun batekin, eta azkeneko bi lasterketak Andoni Perez de Villarrealekin egin ditut. Gustura. Azkenean, motorra gure zaletasuna da, eta lagun artean disfrutatzen dugu.
Zenbat piloturekin aritu izan zara?
20-30 pilotu ezberdin ingururekin aritu izan naiz. Uste dut 170 lasterketa inguru egin ditudala, denak kontatuta, kopilotu eta pilotu gisa. Hor nonbait. Badira, bai. 20 urte daramatzagu honetan, eta azkar pasatzen da denbora.
"Noizbehinka polita da gidariaren esperientzia bizitzea: Olaztin pilotu izango naiz"
Aurtengo denboraldia nola planteatzen duzu?
Azken urteetan bezala, hau da, lagunekin korritzen. Zorteko naiz, auto onak dituzten lagun asko ditudalako, azkar ibiltzen diren horietakoak, eta asko disfrutatzen dugu. Beraz, plana da beraiekin korritzea. Espero dut Euskadiko Txapelketako lasterketa batzuetan ariko garela, eta Errioxako lur gainekoetan. Inguru horretan dezente mugitzen gara. Datak gerturatu ahala, ikusten joango gara. Pentsatzen dut Lea-Artibai Rallyea Iñaki Narbaizarekin egingo dudala, maiatza hasieran. Andonirekin ere bakarren bat, eta etorriko direnak.
Kopilotu zaren aldetik lan egiteko moduan teknologia berriek eragina izan dute edo orain arte bezala lan egiten duzue?
Zentzu horretan ez da eboluzio handirik egon. Koaderno bat eta arkatza bezain sistema fidagarria zaila da aurkitzen, eta betiko moduan jarraitzen dugu. Apunteak nola hartu pilotuaren eta kopilotuaren arteko harremanean oinarritzen da, eta gero, hizkuntza horretan. Beraz, ñabardura edo matiz asko daude. Gainera, pilotu bakoitzak bere maniak dauzka, bere berezitasunak. Errepidea asko definitzen saiatzen dira, baina irizpidea ere ez da guztiz berdina izaten; horrek notetan jasotzen duguna asko baldintzatu eta aldatzen du.
Zure apunteak oso preziatuak izango dira. Eskatzen al dizkizute?
Beno... apunteak askotan pilotuaren erabakia dira. Hau da, notak hartzerakoan kopilotuek gure gomendioak eta ikuspuntua eman ditzakegu, edo sisteman proposamen batzuk ere egin, baina azkenean pilotuaren erabakia da errepidea nola definitu eta zer apuntatu.
Olaztin kasu egin beharko diozu zure kopilotuari.
Kopilotuari kasu egin behar zaio. Kopilotuak ez du bakarrik errepidea definitzen, erritmoa pixka bat markatzen du baita ere. Beraz, garrantzitsua da pilotuarekin ondo elkar ulertzea, bat etortzea.
Lehiatzeko gogotsu zaude?
Bai, oraindik ilusioa mantentzen dugu. Asteburuan antolakuntzak zehaztutako ibilbidearen errekonozimendu egunak dira, eta bertan egongo gara, notak hartzeko.