Euria, haize fina eta hotza. Ez zen giro martxoaren 29an Olaztin, baina hala ere automobilismo zale ugari bildu ziren Sakana Motorsportek antolatutako VI. Olaztiko Rallysprinta gertutik jarraitzera. 50 talde zeuden izena emanda, baina horietatik 40k hartu zuten irteera eta 32k lortu zuten lasterketa osatzea.
Olaztiko hirigunetik hasi, kale eta bidexkak zeharkatu eta Altamira igo eta jaitsita 5,95 km zituen zirkuituak, eta taldeek lau aldiz osatu behar zuten ibilbidea. Lehendabiziko pasa euripean jokatu zen, gero ateri zegoen baina haize finarekin, eta azkeneko biak lurra lehorra zegoela jokatu ziren. Beraz, egoera guztiei aurre egin behar izan zieten pilotu eta kopilotuek.
Txapeldunak Malerreka Motorsporteko Asier Jaunsaras eta Borja Erbiti (Peugeot 205 Rallye) izan ziren, lau eremuak 16:03.356 minututan osatuta. 3 segundo atera zizkieten euren kide Gabriel Jimenez eta Ana Arrarasi (Renault Clio Sport, 16:07.067).
Sakana Motorsport pozik dago probak izan duen jarraipenagatik eta, eguraldiari aurre eginez, egon zen giro politagatik
Sakandar onenak Sakana Motorsporteko Javier Goikoetxea pilotu olaztiarra eta Aritz Elgarresta izan ziren, egunerako propio alokatu zuten Ford Fiesta Rally 4 autoarekin (16:42.326). Sailkapen orokorrean edo scratch-ean seigarren izan ziren, Formula Libre kategoriakoak ez baitira kontatzen sailkapena egiterakoan, baina Formula Librekoak kontuan hartuz gero, hamargarrenak. Euren mailan, bosgarren kategorian, bosgarrenak. Kontentu zeuden, nahiz eta azken eremuan kapota zabaldu eta horrek denbora zer edo zer jaitsi. "Oso gustura ibili gara. Sakanako Saria lortu dugu, eta pozik" azaldu zuten helmugan.
Sakana Motorsport eskuderiako Alberto Villar eta Eneko Unanua (BMW E36) Formula Librean aritu ziren eta 21. denborarik onena egin zuten (17:26.263), euren kategorian bederatzigarrenak. Euren eskuderiako kide Ander Gurmindo eta Asier Cruz (Renault Clio Sport) hamazazpigarren sailkatu ziren, bosgarren kategorian zazpigarrenak, eta, tamalez, Asier Juanezek eta Josu Olmosek (Renault Clio Sport) ezin izan zuten proba bukatu, bigarren pasan matxura izan eta gero.