Balorizazio hitza bueltan ekarri dute

Guaixe 2025eko apirilaren 15a

Olatzagutiko porlandegiaren atzeko aldeko ikuspegia. ARTXIBOA

Porlandegia kudeatzen duen enpresak biomasarekin energia balorizazioa egiteko baimena eskatu dio foru administrazioari. Kontra dagoen plataformaren arabera, "edozein hondakin erretzeko atea zabalduko luke baimenak"

Cementos Portland Valderivas (CPV) enpresak zementua ekoizteko duen Ingurumen Baimen Integratua aldatzeko eskaera aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari. Biomasaren energia balorizazioa egiteko eskaera da, foru administrazioa tramitatzen ari dena, eta hainbat departamenturen txostenak eta Ebroko Ur Konfederazioaren txostenak beharko dituenak. Ondoren erresoluzio proposamena eta baimena etorriko lirateke. Hala jakinarazi du 3 Mugak Batera (3MB) plataformako kideek Altsasun eta Olatzagutian herenegun eta atzo egindako informazio batzarretan.

Horrekin batera, 3MBko kideek jakinarazi zuten CPVk aurkeztutako proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiotela, besteak beste, "zer sustantzia kutsatzaile isuriko dituen zehatz dezan". Plataformakoek azaldu dutenez, "hondakinak erretzeko urte eta erdiko proba aldia eman diote enpresari. Eginen dituzten neurketak itxurakeria hutsa izanen dira, nahi dutenean, baldintzarik onenetan hartuko baitituzte laginak. Eta, ziurrenik, gaur egungo isuriak baina emaitza hobeak lortuko dituzte", aurreratu dute.

Plataformaren argudioak 
3MBko kideen iritziz, "estatuko porlandegi guztiek beti erabili duten amarrua erabili dute: biomasaren energia balorizazioa egiteko eskaera. Baina, azken finean, hondakinak erretzeko proiektu bat besterik ez da. Hasieran biomasa izanen da, eta atzetik etorriko dira baimen gehiago, esaterako, gurpil zaharrak, autoen aurreko panelak, araztegietako lohiak... Haien ideia da merkatuan dauden hondakin guztiak erre ahal izatea".

Plataforman parte hartzen dutenek gogorarazi dute porlandegiaren egungo erregaia petrolio cokea dela, pet cokea. Hori argituta, konbustioari erreparatu diote: "hondakinak pet cokearekin batera erre nahi dituzte. Horrek zailago egiten du errekuntza egonkorra izatea, hondakinek kaloria gutxiago dituztelako eta, beraz, errendimendu termikoa ez da bera. Ondorioz, zailagoa da isuriak kontrolatzea". Zehaztu dutenez, "egin nahi dutena ez da ez balorizazioa ezta errausketa, koerrausketa da. Porlandegiak erraustegiei ezartzen zaizkien isuri mugak gaindituko ditu”. Azpimarratu dutenez, "hondakinak erretzeagatik dirua irabaziko luke enpresak". Eta gogorarazi dute hainbat tokitan "hondakinen erreketa atzera bota dutela".

Plataforma 
Arabako Lautada, Gipuzkoako Goierri eta Nafarroako Lizarraldea eta Sakanako ekintzaileak batu ziren 3MB plataforman aurreko hamarkadan. Porlandegiaren nahia 15 bat urtez "lokartuta" egon ondoren, kide izandako batzuek plataforma biziberritzea erabaki dute. "Helburua da eskualdea mobilizatzea eta ados ez dagoela erakustea". Horretarako, informazio batzar pare bat egin dituzte Sakanan eta Arabako Lautadan egitea ere aurreikusi dute. Bide batez, herritarrak plataformarekin bat egitera animatu dituzte.