Euskaraldia 2025

"Niretako txapak ikustea garrantzitsua da"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 8a, 13:29

Emilio Bujanda aurreko Euskaraldiko 'Belarriprest' txaparekin.

Aurreko Euskaralditik lehenengo hitza euskaraz egitera ohitu da Emilio Bujanda belarriprest olaztiarra; aurten ere Belarriprest izanen da, "pixkanaka" euskara ikasten ari da

Emilio Bujanda olazatiarrak aurreko Euskaraldiko Belarriprest txapa poltsikoan darama, eta aurtengoa hartzeko prest dago. Euskaraldian bakarrik ez, lehenengo hitza “beti” euskaraz egin behar dela aldarrikatu du.

Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuen?
Bai.

Belarriprest izan zinen, ezta?
Bai. 2021ean euskaltegian hasi nintzen, duela lau urte.

Zergatik parte hartu zenuen?
Poztu nintzen horrelako ekimena egingo zela jakin nuenean. Ni Euskal Herrian bizi naiz eta uste dut euskaraz hitz egin behar dela, eta pauso garrantzitsua iruditu zitzaidan. Ogiberrin urte osoan egiten dut lehenengo hitza euskaraz, Euskaraldia izan edo ez. Urte osoan euskaldunekin euskaraz hitz egiten dut.

Euskaraldian hasi zinen, eta jarraitu duzu?
Bai, bai. Gehiago egiten dut. Aurrerapausoa da. Niri beti lehenengo hitza euskaraz: egun on, kaixo... Ogiberri euskara gunea da.

Aurrekoan 'Belarriprest' izan zinen. Rola aldatuko duzu?
Ez, ez. Pixkana-pixkanaka. Euskaraz badakit, dut, baina pixka bat bakarrik. Hurrengorako ikusiko dut. Momentuz, Belarriprest.

Olatzagutian euskaraz hitz egiten da?
Ez. Olatzagutian gazteek euskaraz badakite, baina ez dute erabiltzen. Baina nik ahal dudan guztietan euskaraz egiten diet haiek ere euskaraz egiteko. Nirekin, euskaraz. Zerbait eskatu nahi badute, euskaraz.

Euskaraldiaren ondoren aldaketarik egon dela uste duzu?
Esan didatenez, gazteek poteoan eta jai giroan gehiago erabiltzen dute. Aldatzen ari da, baina oso pixkanaka. Pena da.

Euskaraldirako giroa dago?
Bai. Oso garrantzitsua da txapa jartzea! Zergatik? Nik ikusten dut txapa bat eta badakit euskaraz egin dezakedala. Giro berezia sortzen da. Oso inportantea da.

Euskaraldiari esker, erdalduntzat jotzen zenuen jendea euskalduna dela ohartu zara? Bai, batzuek ahalegin handia egiten dute. Pixkanaka hitz batzuk euskaraz egiten dute, egun on, ogi bat, eta abar. Txapa eramatea lagungarria da. Txapa asko ikusi da, espero ez nuen jendearen paparrean ere bai, batzuekin sorpresa hartu dut. eta 

Euskaraldiaren ekimenetan parte hartuko duzu?
Bai, baina niretzako garrantzitsuena kanpaina bera da.

Egitasmoa baliagarria izan da, ezta?
Bai. Oso garrantzitsua. Nik esaten dut: hil aurretik euskaraz jakingo dut. Pixkanaka.

Baina aurreko Euskaralditik hobetu duzu.
Bai. Gainera, euskaltegian giro oso ona dago, irakasleak kategoriakoak dira... Laguntzen du. Hitz egin ahal izateak asko egiten du. Euskaralditik kanpo ere praktika aldatu dut, eta denboran librean ere egiten dut.

Euskaraldirako gogoz?
Bai!