Olaztiko ikasleak

"Palestinarako nahiko diru jasotzea espero dugu"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 9a, 09:29

Ikasleak irakaslearekin batera. UTZITAKOA

Ekainaren 10ean, asteartea, Olatzagutian errefuxiatuen aldeko azoka antolatu dute Koldo, Achraf, Jalihenna, Saioa, Markel, Khadija, Assane, Eider, Antonia eta Africa Olatzagutiko eskolako LHko 6. mailako ikasleek, Ongi etorri migratu eta errefuxiatuak Sakanara zikloaren barruan.

Olatzagutiko plazak asteartero moduan azoka hartuko du garagarrilaren edo ekainaren 10ean. Azoka egun berezia izanen da, han Domingo Bados eskola publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak egonen baitira. Errefuxiatuen aldeko elkartasun azoka antolatu dute Koldo Gastaminzak, Achraf Azizik, Jalihenna Embarecek, Saioa Audikanak, Markel Arañak, Khadija El Akrik, Assane Mbenguek, Eider Perezek, Antonia Stanciuk eta Africa Expositok. Azokarako prestaketak egin dituzten bitartean errefuxiatutako pertsona bat klasean izan dute, eta haren bizipenen berri jaso dute.

Sekula izan zara herriko azokan?
Koldo. Bai, errefuxiatuei laguntzeko erosten egon nintzen. Senideekin erosketak egiten ere egon naiz klaserik ez dugunean.

Eta zer saltzen dute azokan?
Achraf. Arropa, fruta eta abar.

Nola parte hartuko duzue azokan?
Jalihenna. Eskulanak salduko ditugu. Eskolan egin ditugun eskumuturrekoak, koadroak eta abar. Mordo bat egin ditugu.

Zer da elkartasun azoka bat?
Saioa. Dirua laguntza behar duten pertsonei bideratzeko da, horretarako egiten dugu azoka.

Zer egin duzue azoka antolatzeko?
Khadija. Lehenengo pausoa izan zen udalari baimena eskatzea izan zen. Eta, ondoren, kartelak egin genituen, publizitatea egiteko. Guk eskulanak hiru hilabetean zehar egin ditugu. Batzuetan beste klase batzuk galdu ditugu eskulanak egiteko, beste batzuetan plastikako klasean egin ditugu. Gainera, Begoña Zestau Baraibarrekin prestakuntza jaso dugu.

Gauzak jaso dituzue, gero saltzeko?
Markel. Ez, bakarrik guk egindako gauzak salduko ditugu. Hainbat koloretakoak dira salgai jarriko ditugunak. Koadroetan, besteak beste animaliak daude. Nik kaktusa eta paisaia polit bat marraztu ditut. Eta eskumuturreko asko egin ditut, hainbat koloretakoak. Eskumuturrekoak gomazkoak dira.

Zuek ere salmahaia jarriko duzue?
Assane. Jakina. Gu izanen gara saltzaileak. Eskumuturrekoak euro batean salduko ditugu eta koadroak bost eurotan. Guztion artean erabaki ditugu prezioak. Batzuk margotzen artistak dira.

Azokan matematika behar da.
Eider. Bai. Azkarrak gara eta batuketak buruz eginen ditugu.

Dena saltzen baduzue, kutxan dagoen dirua zenbatu beharko duzue. 
Antonia. Noski, guk zenbatuko dugu segur aski. Jasotako dirua errefuxiatuentzat izanen da.  Palestinarako, behar handia dute bizi duten egoeragatik.

Zer moduz orain arteko prestaketak?
Koldo. Nahiko ongi. Prestatzen denbora asko egon gara. Espero dugu nahiko diru jasotzea Palestinari emateko.

Orain arte egindakoetatik, zer da gehien gustatu zaizuena? 
Achraf. Koadroak. Guztioi gustatzen zaigu marraztea. Nik oraindik ez dut egin baina azokarako prest egonen da.

Zer espero duzue gertatuko dela?
Jalihenna. Jende asko joango da. Eskola guztia joango da. Eta, noski, olaztiarrak.

Olaztiarrei eta sakandarrei esateko zerbait?
Saioa. Diru askorekin etortzera anima daitezela.