Olatzagutiko Udalak aurten 2.292.000 euroko aurrekontua du. Kopuru horri Udal Musika Eskolako 52.000 euroko eta Erburua Olazti SM enpresako 220.000 euroko aurrekontuak gehituz gero, udalaren aurrekontua 2.368.000 eurokoa da. Aurreko urtean baino 470.600 euro gehiago dira. Joseba Vizuete Askargorta alkateak azaldu duenez, "bi arrazoirengatik igo da aurrekontua. Alde batetik, baso aprobetxamendua 356.950 eurotan saldu dugu, aurreikusitakoa baino 128.790,25 euro gehiagotan. Gainera, inbertsio dezente aurreikusi ditugu". Horien artean dago Erburua kiroldegiko teilatua konpontzea. "Itajurak ditu. Ur tantak kirol pistara erortzen dira, kirol praktikarako eremu ez segurua bihurtuz", azaldu du alkateak. Lanek 160.000 euroko aurrekontua dute. Baina Olatzagutiko Udalak lanak finantzatzeko Nafarroako Gobernuko aurrekontuetatik zuzenean 60.000 euro jasoko ditu, EH Bilduren zuzenketa bat bitarteko dela.
Erburua kiroldegiko teilatua konpondu ondoren, han argindarra sortzeko eguzki plakak jarri nahi ditu Olatzagutiko Udalak. Sortuko den argindarra kiroldegian bertan kontsumituko zela azaldu du alkateak. Hala ere, jakinarazi du udalean energia komunitatea sortzeko aukera aztertzen ari direla. Plakak jarri eta martxan jarri ondoren hartuko dute erabakia. Udalak 80.000 euroko inbertsioa eginen du, eta hori errazteko 39.000 euroko dirulaguntza jaso du.
Konpontzeko premia duen beste bi teiladura badaude: udaletxea eta frontoia. Bietan ere itajurak daude. Aurrenekoaren konponketara udalak 50.000 euro bideratu ditu. Bestetik, eskola guztia margotuko du udalak udan.
Kontratazioei dagokionez, alkateak jakinarazi du zerbitzu anitzen lantaldean aritzeko bi langabe kontratatuko dituela udalak, eta beste bat garbiketa lanak egiteko. Gainera, festetan udal lantaldea indartzeko bizpahiru kontratazio aurreikusi dituzte. Gainera, Babestutako Gizarte Enpleguaren bidez udalarendako lan eginen duten pertsona bat edo bi izanen dira ere.
Igerilekua eta jolas parkeak
Ura sartzeko punpa berria jarri du udalak igerilekuan. "Aurrekoak 31 urte zituen eta funtzionatzen zuen, baina matxurarik ez izateko berme gisa berria jarri dugu. Eta punpa zaharra han mantendu dugu", argitu du Vizuetek. Bestalde, igerilekuen eraikina heldu den urtean berritu nahiko luke adierazi du alkateak. Bitartean, aurten igerilekuan bi soroslek eta hiru atezain garbitzailek lan eginen dute uda sasoian.
Bestalde, udalak Memoriaren parkean eta jubilatu elkartearen ondoan dauden jolas parkeetan konponketak eginen ditu. "Zoruko kautxua hondatuta dago, belarra ateratzen da... Eta berritu eginen dugu. Gainera, jubilatuendako parkean dauden adinekoek ariketak egiteko tresnak eta jolas parkea tokiz aldatuko ditugu. Behin tokiz aldatuta, jolas parkeari estalpe bat jarriko diogu. Gure asmoa da parkea estaltzeko hiru aukera eskaintzea eta olaztiarrek erabakitzea zein egiten den", zehaztu du alkateak. Lan horietarako 70.000 euro ditu.
Aurten egin beharreko baso azpiegiturak hobetzeko lanak dagoeneko despedituta daude. Auntzetxerako bidearen zati bat porlaneztatu eta aldamenean zeuden sasiak kendu ditu. Horretara 45.000 euro bideratu ditu, eta lana finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren 21.000 euro inguruko dirulaguntza izan du. Urtero moduan, aurten ere nekazaritza azpiegiturak hobetzeko lanak eginen ditu Olatzagutiko Udalak. Dermioko bide batzuen zatietan zorua hobetu eta ezpondak garbituko ditu. Horretarako 40.000 euro bideratu ditu, gobernutik lan horretarako 15.860 euro jaso ditu.
Aurreikuspenak
Nafarroako Gobernuaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planera Olatzagutiko Udalak bi lan egiteko egitasmoak aurkeztu ditu, lan horiek egiteko finantzaizoa lortzeko esperantzaz. Alde batetik, Arronga plaza eta Kale Txikia lur sail batek banatzen ditu eta batu egin nahi ditu udalak, besteak beste larrialdi zerbitzuak (suhiltzaileak edo anbulantziak) batetik bestera azkar pasa ahal izateko. Sareak egin eta zorua jartzeko 200.000 euro inguru beharko direla uste dute udalean. Bestetik, Vicente Argomaniz plaza zolatzeko egitasmoa aurkeztu du. Proiektuak aldameneko Kale eta Orreaga kaleak hartuko ditu. Guztietan galtzada-harriak jarriko lirateke, esertzeko aulkiak eta bestelako altzariak ere. Lan horrek ere 200.000 euro inguruko aurrekontua du.
Olatzagutiko Udalak etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala onartu du. Hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko edo saltzeko merkatura ateratzeko bulkada bat izan nahi du zerga hori, alkateak azaldu duenez. Etxebizitzaren kontribuzio zergaren araberakoa izanen da ordaindu beharrekoa. Olatzagutiko Udalak zehaztu duenez, aurten %0,5ekoa izanen da, heldu den urtean %1ekoa eta bi urte barru %1,5ekoa. Nafarroako Gobernuaren hutsik daude etxebizitzen erregistroaren arabera bi etxe huts daude Olatzagutian. Udalak aurki onartuko duen beste ordenantza katu koloniei dagokiena da.