Gobernuak Herritarrei Arreta emateko Bulego Mugikorra zabaldu du Olaztin

Guaixe 2025eko uztailaren 8a

Nafarroako Gobernuaren Bulego Mugikorra. UTZITAKOA

Bulego Mugikorra Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da uztailaren 8tik 11ra, 09:00etatik 14:15era. Administrazioa landa ingurunera hurbiltzeko ahalegina da. 

Nafarroako Gobernuak Herritarrei Arreta emateko Bulego Mugikorra aktibatuko du Olaztiko udalerrian garilaren 8tik (asteartea) 11ra (ostirala), biak barne, administrazio publiko inklusiboagoa, irisgarriagoa eta lurraldeari dagokionez kohesionatuagoa bermatzeko konpromisoaren baitan. NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen duen Bulego Mugikorra 20.000 biztanletik beherako Nafarroako herriei zuzenduta dago, eta Foru Administrazioaren zerbitzuak landa-eremuetara edo biztanleria-dentsitate txikiagoko eremuetara hurbiltzea du helburu, zerbitzu publikoetarako sarbidean dagoen lurralde-arrakala murriztuz.

Herritarrek hainbat administrazio-izapide egin ahal izango dituzte, hala nola edozein administraziori zuzendutako dokumentazio-erregistroa, zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruzko kexak eta iradokizunak aurkeztea.

Herritarrei Arreta Emateko Bulego Mugikorreko langileek nortasun digitala (Cl@ve sistema) sortzen eta erabiltzen lagunduko dute, Nafarroako Gobernuaren hainbat zerbitzu eta prestaziori buruzko tramitazio elektronikoa eta informazioa eta aholkularitza eskaintzeko, hala nola, familia ugariaren eta guraso bakarreko familiaren akreditazioak, ezohiko gastuetarako laguntza ekonomikoak (entzumen-protesiak, optika, ortodontzia), guraso bakarreko familietan kontziliazioa bultzatzeko dirulaguntzak, ehiza eta arrantza lizentzien tramitazioa, Gazte Garraioaren Txartela, Gazte Txartela eta derrigorrezkoaren ondoko ikasketetarako bekak eskatzea, Osasun Karpeta eskuratu eta erabiltzea edo herritarrek laguntza eskatzen duten beste edozein kudeaketa.

Bulego irisgarria, funtzionala eta balioaniztuna
Bulego Mugikorrak 41,40 metro karratuko erabilera anitzeko gunea du, formatu handiko pantailaz, inprimagailuaz, zazpi mahaiez eta berrogei aulkiez hornitua, eta horrek aukera ematen du prestakuntza-gela, erakusketa, partaidetza-prozesu edo informazio-kanpaina gisa erabiltzeko. Era berean, 10,70 metro karratuko kristalezko bulegoa du, intsonorizatua eta estore opakoak dituena, kudeaketa jakin batzuen konfidentzialtasuna bermatzeko.

Foru Gobernuak irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoaren ildotik, unitateak baliabide egokitu ugari ditu: braille bidezko seinaleak, gida podotaktilak, zeinu-hizkuntzako arreta (SVisual sistemaren bidez), indukzio magnetikoko begizta eta irakurketa errazeko seinaleak.

Arreta elebiduna eta gobernantza partekatua
Langileek gaztelaniaz eta euskaraz ematen dute zerbitzua. Halaber, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek ere erabil dezakete bulego mugikorra, lurraldean informazio edo prestakuntza jarduerak egiteko guneak behar badituzte.

Unitate mugikor hori beren udalerrietan egotea eskatu nahi duten udalak Lehendakaritza eta Berdintasun Sailari atxikitako NASERTIC enpresa publikoarekin jar daitezke harremanetan, oficinamovil@nasertic.es posta elektronikoaren bidez edo 848 427 766 telefonora deituta.