Cementos Portland Valderrivas SAk (CPV) enpresak Olatzagutian duen porlandegian zementu grisa egiteko bi labeetan egun erregai gisa erabiltzen duen petrolio kokearen ordez beste erregai batzuk erabiltzeko eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari. Horretarako ingurumen ebaluazioa behar baitu. Petrolio kokea %40 gutxiago erabili nahi du eta haren ordez %100 biomasa diren produktuen balorizazio energetikoa egin nahi du. Zehazki, erregai gisa erabiliko lituzke patsa olioa (26.437 tona urtean), kafe hondarrak (10.367 tona urtean) eta basoko materialak (6.077 tona urtean). Guztira 42.881 tona biomasa balorizatu nahi ditu CPVk, egunean 72,43 tona hondakin.
Gobernuaren oniritzia
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa egin du CPVk. Foru administrazioak ebatzi du enpresak prozedura behar bezala gauzatu duela. Gobernuak ondorioztatu du "proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean; aitzitik, abian jarri ondoren ondorioak positiboak izanen dira CO2 eta SO2 emisioen murrizketari dagokionez, eta, beraz, ez da berotegi efektuko gasen areagotzea sustatuko, ezta klima aldaketa ere".
Gobernuak azaldu duenez, aurkeztutako proiektuak "ez du ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, betiere proiektuaren ingurumen dokumentuan jasotako eta jardueraren ingurumen baimen integratu berrian jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzen badira". Hala ere, gaztigatu du CPVk oraindik instalazioaren ingurumen baimen integratua eta bestelako baimenak lortu beharko dituela.
Koltsulta epean aurkeztutako iritziak
CPVren proiektuaren berri eman zitzaien egitasmoak ikututako administrazioei eta erakunde ekologistei. Hala, Lurra, Lurraren Defentsarako Elkarteak, jakinarazi zuen proiektuak hondakinen tratamendurako errausketa lehenesten duela beste sistema bateragarriagoen aurretik (konpostajea edo digestio anaerobikoa). Lurrak gaineratu zuenez, porlandegiko labeetan biomasa errausteak ez duela erregai fosilak erabiltzea eragotziko, "biomasa errausteak ez duelako bero handirik sortuko labeetan". Ez datoz bat beste erregai batzuen ordez hondakin organikoak erretzean berotegi efektuko gasen emisioak murrizten direlako premisarekin; izan ere, "materia organikoaren karbonoa ere CO2 bihurtzen da, eta hura berotegi efektuari ekarpen handia egiten dion gasa da". Aldi berean, erraustuko diren landare espezieen bero ahalmenaren homogeneotasunaren inguruan zalantzak adierazi zuten.
Sustrai Erakuntza fundazioaren arabera proiektuaren ingurumen ebaluazio sinplifikatua egin beharrean ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zela uste du. Haren ustez eguneko tratatu beharreko materialen bolumenak eguneko 100 tonako muga gainditzen duelako. Fundazioak enpresak ingurumen ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioa egokia ez zela argudiatu zuen. Gobernuaren iritziz, hiru biomasetatik soilik patsa olioa hartzen dela hondakintzat, eta, beraz, ondorio horietarako kontuan hartuko den bakarra dela. Interpretazio horren arabera kafe hondarrak eta basoko materialak ez dira hondakinak, baizik eta nekazaritzako elikagaien industriaren prozesatze mekaniko hutsak egin ondoren lortu diren azpiproduktuak.
Fundazioko ordezkariek argudiatu zutenez, "hondakinak egungo erregaiarekin batera errausteak osasun publikoa arriskuan jartzen duten produktu arriskutsuak aska ditzake atmosferara. Idazkian adierazten denez, konposizio kimiko aldakorreko hondakinen nahasketak, errekuntza horretarako prestatu gabeko labeetan erraustu ondoren, ez du bermatzen emisioak behar bezala kontrolatuko direnik". Eta gogoratu zuenez, enpresak "biomasa erregai alternatibo gisa erabiltzeko aurretik ere eskatu du, eta frogatu da beste hondakin mota bat erretzeko baimena lortzea dela bere interes bakarra". Gainera, 0 alternatiba (dagoen bezala gelditzea) ez zela aztertu gaineratu zuen.
Hiru Muga Baterak, 2024ko urriaren 17ko idazkian, Sustrai Erakuntza fundazioaren alegazio txostenaren edukia errepikatzen du. Aurrekarien atalean azken 10 urteetan sustatzailearen jarduerari dagokionez izan duen jardueraren berri ematen du, eta, lorpen gisa, 2012an instalazio berean zaborren, lohien eta beste hondakin batzuen bidezko balorazio energetikoa baztertzea aipatzen du.
Plataformakoek azaldu zutenez, "egungo aldaketaren helburua soberako CO2-a isurtzeko eskubideak saltzea da, eta erregaiak eta petrolio kokea nahastearen larritasuna adierazi zuten atmosferara egiten diren isurketei begira". Gaineratu zutenez, "adituen iritziz, seguruagoa da erregai bakarra erabiltzea". Proiektuan jasotako erregaien erabilera zalantzan jarri dute, eta "zabortegiak betetzen diren unean Nafarroako zaborra erabiltzen dela" adierazi zuten. Azkenik, adierazi zuten dokumentazioan ez direla jaso, ebaluatzeko, erregaiak nahastean sortutako kutsatzaileen mailak.
Kontsulta epean erakunde ekologista batek baino gehiagok egitasmoaren eta Olatzagutiko Hirigintza Planaren arteko bateraezintasuna aipatu zuten. 1999ko plan horrek hondakinak erregai gisa erabiltzea debekatzen du, eta gutxieneko distantziak ezartzen ditu jarduera arriskutsuak edo kaltegarriak kokatzeko, sustatzailearen instalazioei zuzenean eraginez. Gobernutik erantzun dutenez, "ondorioztatu da hondakinak erregai gisa erretzeko debekua ez dela hirigintza zehaztapen bat".
Inbertsioak porlandegian
CPVren egitasmoak aurrera eginen balu, Olatzagutiko porlandegia inbertsioak egin beharko lituzke. Obrak bi fasetan eginen lituzke. Lehenik instalatuko lituzke: hormigoi armatuzko hobi lurperatu eta irekia, laukizuzen formakoa eta 7,00 x 9,00 m-koa, materiala jasotzeko; biltegiratze siloak, 5,00 x 27,00 m-ko eta 11,50 m-ko altuerako hormigoizko bi gelaxka prismatiko izanen liratekeenak; materialaren irteerarako putzu bat, 3,00 x 3,80 m-ko sakonerakoa; 8. labeko erregailua dosifikatzeko ekiporaino garraiatzeko sistema; labe horretako erregailua injektatzeko sistema; 7. labeko erregailura dosifikatzeko eta injektatzeko sistema; gela elektrikoa eta geldotzeko gela, urak fabrikako kolektoreen sarera eramaten lituzketen deskarga hobien eta siloen hustubidearen instalazioa barne. Instalazioaren gainerakoa mantendu eginen litzateke.
Bigarren fasean, nabe bat eraikiko litzateke, eta bertan deskarga hobi bat, biltegiratzeko nabe bat, materiala ontziz aldatzeko zubi-garabi bat eta 7. labeko aurre-kiskalgailura dosifikatzeko eta garraiatzeko sistema bat instalatuko lituzke CPVk.