Udako unetxoak

"Udan giro gehiago zegoen, bizitza ematen zidan"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko abuztuaren 1a

Mari Jose Lopez de Goikoetxea olaztiarra Clinkerren atarian.

Clinkerren lanean pasatzen zituen udak Mari Jose Lopez de Goikoetxea olaztiarrak, baina "gustura" sortzen zen giroarekin

"Unetxo loriatsu bat? Tabernan lan egiten genuen, eta sortzen zen giroak, terrazak, berandugora arte irekita egoteak... Bizitza ematen zuten". Mari Jose Lopez de Goikoetxea, Patxi senarrarekin batera, 42 urtez Olaztiko Clinker taberna eta jatetxearen jabeak izan dira. Udak lanean gogoratzen ditu, "eta gustura". Arratsaldetan "ihesalditxoak" egiten zituen, "igerilekura joaten nintzen, kafe bat hartzera joaten nintzen... Hori zen niretako handiena,irteeratxo txiki bat egiteko aukeera izatea. Senarrak egunero lan egin izan du, nik ere lan egiten nuen, goiztean, baina berak egun osoa pasatzen zuen Clinkerren". Oporrak neguan egiten zituzten, eta eski egitera joaten ziren. "Urte asko joan gara eskiatzera; semeak izan aurretik ere, eta 41 urte bete ditu nagusienak". Neguko opor horietan, ez ziren udaz asko gogoratzen. 

"Udak ez ziren oso bereziak, baina beste garai batekin alderatuta zerbait desberdina zuten"

Udak "ez ziren oso bereziak" baina urteko beste garaiekin alderatuta, aldiz, "desberdina" zen. Tabernako giroan eta jendetzan nabaritzen zen: "Piszina ondoan dagoenez irekita zegoela nabaritzen zen, jende gehiago etortzen zen, giro berezia sortzen zen...". Horregatik uda "lan eta lan" egiteko garaia zela esan du Mari Josek: "Jende ezezagun gehiago etortzen zen, urtean zehar gutxiagotan ikusten zenuen jendearekin topatzen ginen... Horrek bizitza ematen zuen, lan gehiago zen, baina bizitza ematen zuen". 

Pozgarria
Uda beti "alaiagoa" izan dela nabarmendu du, "zentzu guztietan: gusturago geunden, jende gehiago ikusten genuen...". Tabernan jendea ikustea "oso ona" zela gaineratu du. "Uda oso garai polita izan da beti, Santa Ageda ere, baina lana zegoenen hain gustura nengoen Clinkerren... Giroa sortzen zen, gustatzen zitzaidan, oso pozgarria zen". Ilusioarekin hartzen zituen udak. "Kontzertuak antolatzen genituen ere, piszinara etorzten zen jendea etortzen zen eta ondoren bazkaltzera geratzen zen, mendi taldeak etorzten ziren ere...". "Bizitza" ematen zion. Diskoteka izan zeneko garaia ere gogora ekarir du Mari Josek: "Duela 25 bat urte diskoteka geneukan ere. Larunbatean, 04:00etan jaikitzen nintzen, eta goizeko ez dakti zer ordutan ixten genuen. Ni pintxatzen egoten nintzen". Bertan egon behar zirenez, behintzat egiten zutena "gogobetegarria" izatea nahi zuten. 

Lanean gustura zegoen, eta lanaren emaitzak jasotzea "pozgarria" zela esan du olaztiarrak. "Batzuk esan dezaekate: zer bizitza tristea eraman duzu lan egiten! Baina ni gustura nengoen". Clinkerren taberna eta jatetxe batean egin daitezkeen lan guztiak egin ditu: "sukaldaria izan naiz, pintxea... Denetarik egin dut. Eta zoriontsu izan naiz. Gaur egun faltan botatzen dut, baina gorputzak ez du berdin eranzuten; atsedena eskatzen dut". 

"Nik ez nuen jubilatu nahi, baina senarrak jubilatu nahi zuen, eta nik ezin nuen bakarrik. Koinatak hartu zuen taberna, zorionez, eta nahi dudanean etor naiteke". Bestela, beste norbaitek hartuko balu, "kafe bat eta gutxi gehiagorako" joan ahalko zela esan du. "Gainera, badut txakurtxo bat eta Julen ilobak zaintzen du, eta orduan txakurra bisitatzera ere etorri behar naiz". Koinatak "biztiza osoan" lagundu diola eta ilobak seme-alabak bezalakoak direla esan du Mari Josek. "Clinkerrek erakartzen nau, ezin naiz guztiz joan". Jubilazioa bizitzaren beste etapa bat dela esan du Mari Josek: "Orain paseora joaten gara presarik gabe, lehen joaten ginen, baina beti erlojuari begira".

Asteazkenak
Clinkerren gustura bazegoen ere, Mari Josek bazuen egun berezi bat: asteazkena. "Astean behin libratzen nuen, eta Gasteizera edo Iruñera joateko baliatzen nuen. Eguna asko aprobetxatzen nuen". Egun horietan ere "disfrutatzen" zuen, "fabrika batean lan egiten dutenek edo ikasleek, orokorrean, asteburuan dute festa, niretako asteazkena nire asteburua zen". 

Udak labanda usaina duela esan du Mari Josek, Clinkerreko lorategian izaten dituzte eta orain etxean ere badu. Bestetik, uda larreen eta zuhaitzen berde kolorekoa dela esan du.