Olatzagutiko ludotekan izen ematea zabalik

Guaixe 2025eko irailaren 2a

Haurrak San Migel plazan. ARTXIBOA

Irailaren 12ra arte egin daiteke 948 012 012 telefonora hots eginez astegunetan 08:00etatik 18:00etara. Akelarre ludotekak lastailaren 6an zabalduko ditu ateak.

Olatzagutiko Udalak jakinarazi du Akelarre udal ludotekan izena emateko epea zabalik dagoela. Udalak jakinarazi duenez, izen ematea urte guztian egonen dela zabalik, baldin eta plazak badaude. Hala ere, azken kasu horietan izen emateagatik kopuru bera ordaindu beharko da. Haur bakoitzeko matrikula bost euro dira, zortzi bi anaia-arrebak edo gehiagok izena ematen badute. Ordainketa egiteko lehentasunezko modua 948 012 012 telefonoaren bidez da. Bestela udalaren edozein kontu korronteetan sar daiteke dagokion diru kopurua. Azken aukera hori baliatuz gero, ordainagiria udaletxean aurkeztu beharko da izena emateko epearen barruan. Olatzagutiko Udalak jakinarazi du tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo direla, udalari aldez aurretik hala eskatuta, beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostena aurkeztu beharko da horretarako. 

Akelarre udal ludotekan 2021. urtetik atzera jaiotako haurrek eman dezakete izena. Hau da, 4 urte beteak edo gehiago dituztenak. Beti ere, esfinterren kontrolean autonomia badute. Horretaz salbuetsiak daude autonomia falta justifikatzen duten dibertsitate funtzionala duten haurrak. Ludotekan onartuak izaterakoan, lehentasuna izango dute Olatzagutian erroldatutako haurrek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat.

Ludoteka astelehen, astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara zabalik dago. Egun bakarrean izena emateko aukera dago. 0 eta 3 urte arteko haurrendako asteazkenetan zabalduko da, aipatutako ordutegian. Kasu horretan haurrek heldu baten laguntza izan behar dute. Eta ludotekan eskola laguntza eskainiko da astearte eta ostegunetan 16:00etatik 17:00etara. Txanda bakoitzean gehienez 16 haur onartuko ditu udalak.