Pilota goxua

Olaztin, pilota goxua bueltan

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 18a

Garai bateko San Miguel Pilota Goxua Txapelketa izan zuten gogoan San Miguel elkartean bildutakoek.

Irailaren 12an hasi zen, Olaztin, Goxua Taldeak antolatutako Goxua Txapelketa, garai bateko San Miguel Pilota Goxua Txapelketa gogoan duena. Lehen jardunaldian Txikuri omendu zuten. Irailaren 27ko finaletan San Miguel Txapelketako arima zen Agustin San Miguel omenduko dute

Aspaldiko partez, ostiral gauetan pilota goxua partidak itzuliko dira Olaztiko pilotalekura. Olazti eta Ziordiko Goxua Taldeak Goxua Txapelketa antolatu du Olaztin. Guztira hiru jardunaldi jokatuko dira hiru ostiraletan: irailaren 12an lehen jardunaldia izan zen, irailaren 19an bigarrena jokatuko da, eta irailaren 26an finala, Olaztiko San Miguel festetan. Goxua Txapelketarekin batera Afizionatuen Pilota Txapelketa jokatuko da, eta festetako finalen egunean bi pilotari olaztiarren arteko partida eta lau eta erdiko beste partida bat aurreikusten dira. 

Goxua Txapelketaren atzean Roberto Zornoza "Limon" dago. Olaztiarra joan zen urtera arte Olaztiko Sutegi pilota eskolako arduraduna zen. "Pilotan zebiltzan haurrak bazeuden, baina pilota irakaslerik ez, Ricardo Lopez de Sabandok erretiroa hartu zuenetik, eta horregatik sartu nintzen monitore". Baina pilotari kopuruak behera egin, eta egun ez dago Sutegi pilota eskolarik. Pena da, garai batean Sutegi pilota klubean 87 pilotari trebatu zirela kontuan hartzen badugu. Egun, pilotan aritu nahi duten olaztiarrak Sakanako edo Iruñeko beste klubetara doaz. Edo Olaztin trebatzen dira, baina Agurain taldearekin. "Aguraingo frontoiko lanak direla eta, Olaztiko frontoia eskatu zuten. Udalak erabiltzen utzi zien, baldintza batekin: Olaztiko haurren batek pilotan trebatu nahi izanez gero, haur horiek trebatzeko konpromisoarekin. Nire semea bertan aritzen da" dio Daniel Rubiok. 

Roberto Zornoza 'Limon': "Ostiral gauetako frontoiko giroa berreskuratu nahi genuen"

Roberto Zornozaren asmoa
Goxua Txapelketa antolatzeko ideia, 2018ra arte Olaztiko San Miguel elkarteak antolatzen zuen San Miguel Pilota Goxua Txapelketatik datorkio Zornozari. Bere garaian txapelketa horretan parte hartzen zuen Zornozak. "San Miguel elkarteko Agustin San Miguelek, elkarteko beste bazkideekin batera, antolatzen zuen txapelketa". Aurtengo Santa Ana festetan otu zitzaion Goxua Txapelketa antolatzeko ideia. "San Miguel festetan pentsatzen ari nintzela, Agustinen abizena San Miguel zela, eta garai bateko goxua txapelketa San Miguel Txapelketa zela etorri zitzaidan burura. Agustin joan zen urtean hil zela eta Olaztin ez zitzaiola ezer egin jabetuta, Goxua Taldean hitz egin eta San Miguel festetarako Goxua Txapelketa egitea pentsatu genuen, eta aldi berean Agustin San Miguel omentzea. Olaztiko Udalera jo nuen asmoaren berri ematera, eta festetarako Afizionatuen Pilota Txapelketa zegoela esan zidaten. Horrela, bi txapelketak elkarrekin jokatuko dira, eta irailaren 26an, bi txapelketetako finalak, Irurtzungo pilotarien lau eta erdia eta agian Olaztiko bi pilotarien arteko pilota partida ere bai". 

Omenaldia eta aitortza
Finalaren egunean bertan, irailaren 26ko gauean omenduko dute Agustin San Miguel. "Alabarekin hitz egin dugu. Oroigarriren bat emango diogu, eta Agustin gogoratu". Halaber, Goxua Txapelketako lehen jardunaldian, irailaren 12an, Martin Mundiñano "Txikuri"-ri aitortza egin zioten Goxua Taldekoek. "Askok Txikurirekin ikasi genuen pilotan jokatzen, urte askoz aritu zen pilota irakasten" gogoan du Zornozak. Olaztiarrak Ricardo Lopez de Sabando ere aipatu du, "baina berari aurretik omenaldia egin zitzaion". Arbizun sortutako eta Altsasura ezkondutako Lopez de Sabandok 16-17 urte eman zituen Olaztiko Sutegi pilota taldea entrenatzen, 2016an erretiroa hartu arte. Urte horretan festetako suziria bota zuen, hunkituta, eta Olaztiko Udalak omenaldia egin zion.  

San Miguel Elkartea
Roberto Zornozarekin eta Daniel Rubiorekin Olaztiko San Miguel Elkartera jo dugu, Olaztiko pilota goxuaren etxera. Jose Luis Urteaga, Nicolas Dominguez, Carlos Ganuza, Jose Miguel Agirre, Victoriano Lopez eta Motino bazkideek San Miguel Pilota Goxua ekarri dute gogora. Zenbat urtez jokatu ote zen, zalantza piztu da, baina Victorino Lopezek argi du txapelketaren azken edizioa, 49. edizioa, 2018an jokatu zela. "Juntan negoen eta txapelak enkargatzeko ardura nirea zen. Ongi gogoratzen dut txapelei 49. edizioko letrak jarri genizkiela". Partida grabatzera Cuatro telebista katea gerturatu zela dute memorian bazkideek, Granjero busca esposa saioko Gordoako Garikoitz Olaztiko txapelketan lehiatzen ari zelako. 

San Miguel, gizon konprometitua
Lopezek gogoan duenez, "Jose Goñi hasi zen Goxua Txapelketa antolatzen. Baina urte pare baten ondoren utzi egin zuen. Orduan San Miguel Elkarteak hartu zuen ardura. Urte luzez, Agustin San Miguel aritu zen txapelketako arduradun. "Guk berari laguntzen genion, partidak epaitzen, markagailuko emaitzak jartzen, borondatea jasotzen... denetatik" dio Jose Luis Urteagak. Hainbat izen etorri zaizkie burura: Juan Antonio Lasa, Fermin Lasa, Alberto Zubelzu, Jose Luis Urteaga, Alberto Lacalle... eta beste zenbait.

Jose Luis Urteaga: "Agustin San Miguel gizon oso konprometitua zen pilotarekin, elkartearekin, herriarekin... guztiarekin"

Agustin San Miguelendako hitz onak besterik ez dituzte. "Elkarteko presidente izan zen urte luzez. Gizon oso konprometitua zen pilotarekin, elkartearekin, herriarekin... guztiarekin. Festetan herri guztiarendako prestatzen den auzateaz arduratzen zen, elkarteko urteurreneko ekitaldiak antolatzen zituen... eta, jakina, San Miguel Pilota Goxua Txapelketa" gogoan du Urteagak. 

Sutegi Pilota Txapelketa
Jose Luis Urteagak San Miguel Goxua Txapelketan parte hartzen zuen pilotari gisa, elkarteko beste kide askok bezala. Bere garaian pilotan aritu zen, amateur, eta Sutegi pilota klubean Ricardo Lopez de Sabandoren laguntzailea izan zen, "txikiekin". 2016ra arte Sutegi Pilota Txapelketa antolatu zuten, oso arrakastatsua zena. "Sutegi Pilota Txapelketa martxoan hasten zen eta ekaina aldera bukatzen genuen. Sekulako txapelketa zen. Urte batean 320 kide izan genituen, pentsa. Ricardo Lopez de Sabando gizon zintzoa zen, zuzena, eta pilotari guztiek jokatu zezatela nahi izaten zuen. Horrela, gure txapelketan ligaxka jokatzen zen, guztiak guztien kontra, eta gero finalerdiak eta finala". Pilotari nafarrez gain, "arabarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, errioxarrak... denetatik etortzen ziren, baita palentziarrak ere. Hemen mundu guztiak jokatu zuen, gerora pilotari profesional handiak izan direnak". 

Urrezko urteetan pilotari asko trebatzen ziren Sutegin. "87 pilotari izatera heldu ginen. Ez ziren soilik Olaztikoak; Sakana guztikoak, Aguraingoak, Araiakoak, San Romangoak...".  

San Miguel, herrikoia
San Miguel Goxua Txapelketa, ordea, herrikoia zen. Sakanako bikoteak ziren gehienak, baita Arabako, Baztango eta Iruñeko zenbait bikote ere. Hiru mailatan jokatzen zen: hirugarren maila, bigarren maila eta lehen maila. "Hirugarren mailakoa irabazten zuenak hurrengo urtean bigarren mailan jokatzen zuen, eta horrela. Normalean bikote bakoitzak aukeratzen zuen zein mailan jokatu, baina batzuetan guk erabaki behar genuen" gogoan du Urteagak. Txapelketako azken edizioan lehen mailako bikoteak zozketa bidez egin zirela kontatu du Zornozak. "Niri Aiestaranekin tokatu zitzaidan, Zabalak Lasarekin jokatu zuen eta gero nahasitako bikoteak zeuden". 

Ostiral gauetan jokatzen zen txapelketa, eta larunbat gauetan. "Sekulako giroa egoten zen frontoian, jende asko biltzen zen". 

Elkarteko argazkiak
San Miguel Pilota Goxua Txapelketarekin batera Afizionatuen Txapelketa antolatzen hasi zen San Miguel elkartea. "Hauek ordainduta etortzen ziren. Elkarteak ordaintzen zuen, udalaren laguntzaz". Pilotari amateur onenak etortzen ziren Olaztira, "Irujo bera ere bai. Elkarteko argazkietan agertzen da. Hemendik pasa dira denak" Urteagak. San Miguel elkarteko lehen eta bigarren soilairuetan kuadro erraldoiak daude kokatuta, San Miguel Pilota Txapelketako urte ezberdinetako ehunka argazki dituztela. Askotan agertzen da Agustin San Miguel, sariak banatzen. Gerora profesional izandako pilotariak ere bai, aurpegi oso ezagunak eta pilota goxuan aritzen ziren pilotari sakandar ugari.  

Victoriano Lopez: "San Miguel Goxua Txapelketako 49. edizioa izan zen azkena"

Finaletako bazkari hura
Agustin San Miguelek finalen egunean elkartean antolatzen zuen bazkaria dute gogoan San Miguel elkartean bildutakoek. "San Miguel Pilota Txapelketako finalak Santa Ana festetako larunbat goizean jokatzen ziren, eta gero San Miguel elkartean biltzen ziren txapelketan parte hartu zuten pilotari guztiak. Sekulako bazkaria prestatzen zuen elkarteak, kategoriakoa, gauza horietarako Agustin sekulakoa zen. Pilotari askok soilik bazkari horrengatik parte hartzen zuten txapelketan" diote, irribarrez. "Pilotariek elkartea goitik behera betetzen zuten, gustura bazkaldu, eta sekulako giroa sortzen zen. Gero festetan jarraitzen zuen jai giroak". 

Txapelketan bikote askok hartzen zuten parte. "Goxua txapelketan 48 bikotek parte hartu izan dute, afizionatuen pilota txapelketakoak kontuan hartu gabe. Eta gehienak sakandarrak ziren. Txapelketa herrikoia zen, guztiz". Txapelketa antolatzeak bazuen bere lana, baina San Miguel elkartean gustura egiten zen beharra zen.  

Beherakada
San Miguel Pilota Goxua Txapelketaren beherakadaren arrazoi nagusia "pilotarien konpromiso falta" izan zela diote San Miguel elkartekoek. Txapelketa luzea zen, apirila aldera hasi eta uztaileko Santa Ana festetan despeditzen zena. "Azken urteetan pilotariak partidak atzeratu eta atzeratu hasi ziren. Arbizuko festak zirela, sanferminak zirela... partida asko bertan behera geratzen ziren. Seriotasun eta fundamentu falta galanta zen". Lopezek gogoan du sarritan programatutako lau partidetatik bakarra jokatzen zela. "Ondorioz, frontoira jende gutxiago joaten hasi zen, eta txapelketa ezin zen behar bezala aurrera atera". 49. edizioa izan zen azkena. "Gogoan dut juntan eztabaidatzen egon ginela. Pena ematen zigun 50. ediziora ez heltzeak, baina zer egin genezakeen bikoteak etortzen ez baziren? Azkenean, bertan behera geratu zen" azaldu du Lopezek. Tarte horretan Altsasuko gaztetxeak pilota goxuko eta eskupilotako txapelketa jarri zuen martxan aldi berean, pare bat urte iraun zuena. 

Olaztik pilotan izan duen gertuko iragan oparoa ikusita, egun Sutegi pilota kluba ez egotea eta herriko pilotariak beste klub batzuetara joan behar izatea "pena handia" da olaztiarrendako. Bizitzaren bueltak.

 

Goxuaren itzulera
Goxua Taldeak San Miguel festei begira Goxua Txapelketa antolatu izana "oso ongi" iruditu zaie San Miguel elkartekoei. "Nire laguntza bazutela esan nien" dio Urteagak. "Frontoira joan beharko gara, markagailuaren ardura hartzera" gaineratzen du, irribarrez. "San Miguel Txapelketako frontoiko gaueko giro hori berreskuratu nahi izan dugu, eta horregatik partidak ostiral gauetan izango dira, finalak ere bai" nabarmendu du Zornozak. Goxua Txapelketa berria jarraipena izateko jaio ote den galdetuta, hala nahiko lukete. "Oxala txapelketak jarraitzea" dio Urteagak. "Olaztikoa antolatzeko tarte gutxi izan dugu, horregatik txapelketa motza da, bi kanporaketa eta finala. Baina gutxienez frontoian zerbait egon dadila nahi dugu, bestela Olaztiko frontoia hilda dago" Zornozak. Ziordikoekin hitz egin dute, Santa Luciari begira Ziordian beste txapelketa bat egiteko. "Tarte gehiago dugu txapelketa luzeago bat egiteko, ea ateratzen den".