Irailaren 12an hasi zen Goxua Taldeak Olaztin antolatutako Goxua Txapelketa-Agustin San Miguelen Omenezkoa. San Miguel elkarteak 2018an antolatutako azken txapelketatik Olaztin ez zen goxua txapelketarik jokatzen, eta "ostiral haietako goxua partida herrikoiak eta frontoiko giro hura" berreskuratu nahi izan dituzte. Eta lortu dute; txapelketako lehen jardunaldian leporaino bete baitzen Olaztiko pilotalekua. Bigarrenean baita ere.
Txikuriri aitortza
Lehen jardunaldi horretan Goxua Taldeko kideek Martin Mundiñako 'Txikuri'-ri aitortza egin zioten. Olaztira ezkondutako etxarriarrak makina bat urtez pilotan jokatzen irakatsi zien haur olaztiarrei. "Gaur hemen gauden gehienok berarekin ikasi genuen pilotan" nabarmendu zuen Goxua Taldeko Roberto Zornozak. Goxua Taldeko kamiseta bat oparitu zioten, atzean Txikuri izena zuena. Halaber, Olaztin antolatzen diren ekitaldietara laguntzera hurbiltzen den Miguel Martinez de Goñiri beste kamiseta bat oparitu zioten, Miguel izena zuena. "Miguel beti laguntzeko prest egoten da. Miguelena izango da txapelketako partidetan markagailua eguneratzeko ardura".
Txikuri eskertuta zegoen aitortzarekin. Are gehiago, alboan bere ikasle izandakoak zituelako. Aspaldiko kontuak etorri zitzaizkion burura. "Olaztiko haur gehienak etortzen ziren pilota jokatzen ikastera. Urte batez 68 ikasle izan nituen, pentsa". Gaztetxoei pilotan jokatzen irakasteaz gain, txapelketak antolatzen zituen. "Urtean bi txapelketa prestatzen genituen, eta haur guztiek jokatzen zuten, guzti-guztiek" oroitzen du. Txikuri urte luzez egon zen Olaztiko pilota eskolan, "gustura". Beranduago, utzi zuen, eta Ricardo Lopez de Sabandok hartu zuen Sutegi pilota eskolaren ardura.
Lehen jardunaldia
Olaztiko Goxua Txapelketari dagokionez, lehen partida izan ezik, gainontzekoak "oso borrokatuak" izan ziren. "Sekulako giroa egon zen, barre algara ugari eta garai bateko ostiral gauetako frontoiko giro hura". Txapelketa herrikoia denez, are gehiago antzematen da gertukotasun hori. Lehen partidan Agirrek eta Kamuelek 18-2 hartu zituzten mendean Vizuete 1 eta Vizuete 2, eta bigarren partidan Goya eta Zornoza 18-13 gailendu ziren Ekhiren eta Solasen aurrean. Hirugarren partidan Flores-Etxebestek eta Berat-Enerizek lehia estua izan zuten, baina lehenak nagusitu ziren 18-14. Bukatzeko, Izagirre-Belokik 18-14 hartu zituzten mendean San Vicente eta Maiza.
Bigarrena, eta afizionatuak
Goxua Txapelketako bigarren kanporaketa gaur, irailak 19 jokatuko da, 21:00etan, Olaztiko pilotalekuan. Zozketa egin eta gero, ondoko partidak daude lehian: Goya-Zornoza vs Agirre-Etxeberria; eta Beloki-Izagirre vs Flores-Etxebeste.
Horretaz gain, Afizionatuen Pilota Txapelketa abiatuko da. Bi partida jokatuko dira. Lau eta erdian Otxoak Murgiondo izango du aurkari, eta beste partidan Igoa Salcedoren kontra ariko da.
Bi txapelketetako finalak irailaren 26an jokatuko dira, San Migueletan. Egun horretan Agustin San Migueli omenaldia egingo zaio.