Sutegi klubak antolatutako Urbasa XVII. Mendi Lasterketa larunbatean 10:00etan abiatuko da Olaztiko plazatik. Urbasako paraje ederretan 16,4 km (800 m+) egin ondoren, plazara jaitsiko dira korrikalariak. Aurten ibilbide berria dute; Gazbide tumulua, Altsasuko portua, Bargagain, Altsasuko begiratokia, Larrakarte tumulua, Ikazkinen borda eta Urbasako begiratokitik pasatzen dena. Oso kontentu daude izena ematearekin. "180 korrikalari inguru egotea espero dugu, baina pozgarriena da horietatik hemeretzi olaztiarrak izango direla, asko berriki mendian korrika hasi diren gazteak. Korrikalari olaztiarren errekorra dugu, eta oso pozik gaude" azaldu du Fermin Zornozak.
Korrikalariak mendira abiatu bezain pronto, txikienen lasterketak jokatuko dira Olaztiko plazan, eta haurrendako puzgarriak egongo dira. Korrikalariak helmugara iritsi ondoren sari ematea hasiko da.