Agustin San Miguel zenaren omenez

Maider Betelu Ganboa 2025eko urriaren 7a

Olaztiko Pilota Goxuako finaletan Agustin San Miguel zena omendu zen. UTZITAKOA

Izagirrek eta Beratek irabazi zuten giro ezin hobean jokatutako Olaztiko Goxua Txapelketako final handia. Goxua Taldeak urte luzez San Miguel elkarteko Pilota Goxua Txapelketa antolatu zuen Agustin San Miguel zena omendu zuen

Olazti eta Ziordiko Goxua Taldeak antolatutako Olaztiko Goxua Txapelketa arrakasta handiz despeditu zen irailaren 26an. Garai batean San Miguel elkarteak 49 urtez antolatutako San Miguel Pilota Goxua Txapelketa gogoan antolatu zuten txapelketa, "frontoiko ostiral gauetako giro hura berreskuratu eta pilota herrikoia sustatzeko" azaldu du Roberto Zornoza "Limon"-ek, Goxua Taldearen izenean. Eta lortu dute, txapelketak izan dituen bi kanporaketetan eta finalean frontoia lepo bete zelako. 

San Miguel festetan murgilduta, Olaztiko Goxua Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida oso borrokatua izan zen. Azkenean, Floresek eta Etxebestek lortu zuten hirugarren postua, Goyari eta Zornozari 10-18 irabazita. Final handian Izagirrek eta ondoezik zegoen Beloki ordezkatu zuen Beratek lortu zuten txapela, Agirreri eta Kamueli 9-18 irabazita. 

Horretaz gain, beste bi pilota partida jokatu ziren. Kadeteetan, Gurmindo olaztiarrak Espada aguraindarra izan zuen aurkari lau eta erdian. Espadak irabazi zuen, 15-18. Bukatzeko, afizionatuen lau eta erdiko finalean Igoa 22-7 gailendu zitzaion Otxoari. 

Zornozak, antolakuntzaren izenean, txapelketan parte hartu duten pilotariei eskerrik beroenak eman zizkien, "hiru ostiraletan Olaztiko frontoiari bizitza emateagatik. Baita partidak ikustera gerturatu eta frontoia bete duzuen guztiei, giro oso berezia sortu duzuelako. Gozamena izan da. Olaztik giro honen beharra zuen". Guaixek txapelketari egindako jarraipena eta sostengua eskertu zuen Zornozak. 

Agustin San Migueli eskerrak
Azkenik, Agustin San Miguel zenarendako esker oneko hitzak izan zituen, urte luzez San Miguel Txapelketa antolatu izanagatik. Senitartekoek bere izena zuen kamiseta, lore sorta eta liburuxka jaso zuten. "Agustini eta hari lagundu zioten guztiei esker, Olazti izena frontoi handienen pare geratu zen. Eskerrik asko!".