Geroz eta gutxiago falta da XLIII. Urbasako Igoerarako. Automobilismo igoera urriaren 4an, larunbata, jokatuko da. 12:00etan izango da lehen entrenamendua, eta haren atzetik bi mangak jokatuko dira.
Urbasako Igoerak 5.930 metroko ibilbidea du, 39 bihurgunerekin. Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Errioxako Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Sakana Motorsport eskuderiak bertan lehiatuko diren pilotuen behin betiko zerrenda argitaratu du. Espainiako Txapelketa irabazi berri duen eta Urbasako Igoerako azken bi edizioetan txapelduna izan zen Arkaitz Ordoki (NOVA NP-03) da faboritoa, Daniel Jimenez (BRC B59), Javier Polanco (Formula DICODE FR), Iker Palacios lakuntzarra (BRC B52) eta bestelako pilotuekin batera.
Iker Palacios pilotuaz gain, beste zortzi sakandarrek hartuko dute parte: Mikel Mazkiaran (SEAT 600 JTR), Delfin Goikoetxea (BRAND PRM PROTO Alpine), Ander Gurmindo (Renault Clio Sport), Asier Juanez (Renault Clio Sport), Iñaki Yaben (Citroën Saxo), Josu Olmos (Citroën AX), Odei Juango (BMW E46), Alberto Villar (BMW E36) eta Asier Solis (BMW E36).