Herriko mendiko pistetan autoekin ibiltzeko baimenak baliogabetu ditu udalak

Guaixe 2025eko urriaren 23a

Olatzagutiko ikuspegia. ARTXIBOA

Ordenantzan jasotako baldintzak ez betetzeagatik kendu die baimena.

Olatzagutiko Udalak auzobideen eta mendiko pista zein bideen erabilera baita eroritako arbolen aprobetxamedua ere arautzen duen ordenantza du. Haren 5. artikuluaren arabera, bide horietan ibiltzeko baimenaren jabeak ezarritako bi baldintzetako bat bete behar du: udalerrian erroldatuta egotea edo udalerriko ehiztarien elkarteko kide izatea. 

Urbasako Ehiztarien Kirol Elkarteak kideen zerrenda eguneratua aurkeztu dio udalari. Eta udala jabetu da herriko erroldan bajak gertatu direla. Hori dela eta, Olatzagutiko Udalak 142 ibilgailuren jabeei herriko bideetan beraien autoekin ibiltzeko baimena baliogabetu die. Zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 210. zenbakian dago, lastailaren 21ekoan. 

Udalaren erabakiaren kontra egiteko hiru aukera dituzte interesa dutenek. Batetik, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke azaroaren 20ra arte. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete abenduaren 20ra arte. Eta, azkenik, zuzenean gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Nafarroako Administrazio Auzitegian azaroaren 20a baino lehen.