Olatzagutian grabatzea "zoragarria" izan dela esan du Sara Oneca zinemagileak: "aurretik ez nuen ezagutzen, argazkiren bidez besterik ez; oso polita izan da, giro polita egon da". Onecak Javier Cabanasekin batera Nahia y el guardián del bosque film laburra grabatu du herrian, Nafarroa, zinema lurraldea Nafarroako Gobernuko Turismo departamentuak eta Navarra Film Commissionek sustatuko ekimenaren barruan. Jaialdiaren helburuak fikzioaren bidez eta formatu zinemagrafikoan turismoa sustatzea eta Nafarroa zinema plato bezala bultzatzea dira; hirugarren urtez Olatzagutiak parte hartu du, Deikaztelu, Viana, Tafalla, Iruñea, Mendabia, Ribaforada, Argedas eta Allorekin batera.
"Kontatu nahi nuen istoriora gehien gerturatzen zen herria Olazti zen; hobe izan da"
"Nik kontatzeko istorio bat neukan, gidoi bat, eta oso argi nuen landa eremu batean, mendi eremu batean, izan behar zuela protagonista eta bere gurasoak mendian dagoen etxe batean bizi zirelako. Orduan, hauta zitezkeen herrietatik istoriora gehien gerturatzen zen herria Olatzagutia zen, eta eskatu nuen". Gerta liteke Nafarroa, zinema lurraldea jaialdiaren barruan herri bat eskatu baina epaimahaiaren erabakiaren ondoren beste bat egokitzea, baina Onecaren kasuan Olatzagutia izan zen aukeratutakoa: "ikusi zuten istorioak bat egiten zuela Olatzagutiarekin, eta horrela izan da".
Onecak aitortu du ez zuela espero dena hain ongi joatea: "Istorio bat grabatzen ari zarenean buruan eszena batzuk dituzu, baina errodajean sartzen zarenean ez dakizu zer aurkituko duzun. Onerako harritu nau". Espero zuena "baino askoz" hobe atera dela gaineratu du. "Olatzagutiko jendearekin ere oso ongi joan da. Kamerekin eta abarrekin ikusten gintuzten eta galdetzera etortzen ziren... Oso jatorra. Oso ongi pasa dugu". Guztira, bi asteburu izan dira Olatzagutian grabatzen; urriaren 5ekoa eta 10ekoa, "dena den errodatzen hiru egun izan dira guztira". Ostatua Ziordiko Amaraunan hartu dute, eta bertan ere "jendea oso jatorra" zela esan du zinemagileak: "Errodaje oso erraza izan da; bazirudien astroak alineatu zirela dena ongi ateratzeko. Ez da arazorik egon eta giro oso ona egon da".

Nahia eta Gudari
Nahia da Nahia y el guardián del bosque film laburraren protagonista. "Benetako istorio bat da. SHP Sentikortasun Handiko Pertsona (PAS Persona Altamente Sensible, gaztelaniaz) den neska baten istorioa da. Munduak ez du ulertzen; inguruko estimuluetara oso erreaktiboa da, oso emozionala, eta protagonistaren kasuan haurrak harekin sartzen dira eta gurasoek diru arazoak dituzte eta ez du haien partez behar duen zaintza eta maitasuna". Behar duen bero eta maitasun hori bere txakurrak ematen dio. "Biak Batek Gudarirekin parte hartzeko aukera eman zigun". Hortaz, Nafarroa, zinema lurraldea jaialdiko finalista ez ezik, "dibulgatu eta animaliek eman dezaketen laguntzaren inguruan kontzientziatu nahi nuen ere". Biak Batek egiten duen lana.

Diotenez haurrekin eta animaliekin grabatzea errodaje batean gerta daitekeen gauzarik zailenetarikoa da, baina Nahia y el guardián del bosque-ren kasuan ez da horrela izan. "Askok esaten ziguten: baina badakizu zer egiten ari zareten? Bai, bai. Eta ezin izan da hobe atera!". Biak Batekin lan egitea "zoragarri" izan dela gaineratu du Onecak, "Josu apartekoa izan da, pertsona oso ona eta langilea da. Gudari zuzentzen egon zen egunero, eta Gudariarekin ere ez dut hitzik". Espektatibak gainditu dituela esan du: "Nik buruan nuena baino askoz hobea izan da".

Onecak Nafarroa, zinema lurraldea jaialdian parte hartzen duen bigarren aldia da; aurreko urtean Gauekoak film laburrean parte hartu zuen antzezle bezala. Zuzendari bezala parte hartzen duen lehenengo aldia da, eta aktore ere izan da Olatzagutian grabatutako film laburrean. "Kontatzeko istorio bat nuelako parte hartu dut jaialdian; kontatu nahi nuen istorio bat. Psikologoa naiz eta beti nahi izan dut istorio hori kontatu eta ateratzea". Gidoia idaztea pentsatu zuen, eta ez bazuen Nafarroa, zinema lurraldea jaialdian egiteko aukerarik izaten, "nire kabuz egingo nuke". Finalista zela jakin zuenean, "sorpresa izan zen, ez nuen inolaz ere espero eta asko emozionatu nintzen".
Aurreko bi edizioetan Olatzagutiak grabatutako film laburrek saria irabazi dute, Imanol Retaren Última visita 2023an eta Ana Barberanen Amandala 2024an. "Ni ez nintzen irabazteko sartu; errodatu nahi nuen. Irabazi edo ez, ni beteta sentitzen naiz istorioa sortu nahi nuelako, kontzientziatzeko eta ikustarazteko".