Azaroaren 8an patin, kanpai eta txalo hotsez bete zen Olaztiko Erburua kiroldegia. Sakana Irristaketa Saria jokatu zen, Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Abiadura Indoor Irristaketa Txapelketarako baliagarria den azken aurreko proba. Nafarroako irristaketa klubetatik hurbildutako 140 irristalari baino gehiagok hartu zuten parte, mini mailatik hasita helduen mailara arte. Tartean zeuden, jakina, antolatzaileak, Sakana Patin taldeko irristalariak. Haien buru, Oscar Zamarron, Unai Villalobos eta Maddi Goya. Kontentu zeuden. "Etxeko proba da, guretako berezia, eta eguna primeran atera zen. Espero genuena baino jende gehiago etorri zen, ez zen inolako ezustekorik gertatu eta ikusle asko hurbildu ziren. Hori da nahi duguna, jendeak gu ikustea, irristaketa ezagutu dezaten" azaldu du Zamarronek.
Oscar Zamarron: "Olaztikoa etxeko proba da, guretako berezia. Oso ongi pasa zuten"
Irristalariak "oso gustura" aritu ziren. "Benetan lehiatzeko, hor ditugu Nafarroako eta Espainiako Irristaketa Txapelketak. Nafarroako Kirol Jokoak, izenak dioen bezala, jokoak dira, eta beste modu batean hartzen ditugu; irristaketaz gozatzera ateratzen gara. Nafarroan eta Espainian sendo dabiltzanak lasterketak irabazi zituzten, eta gainontzekoak erdiko postuetan edo atzeragokoetan sailkatu ziren, baina guztiak pozik. Olaztikoa etxeko proba da, ongi pasatzera ateratzen gara. Lagunarteko joko bat da, gainontzeko klubetako irristalariekin bildu eta gustura egoteko".
Olaztiko lasterketa guztiak izan ziren bereziak, baina helduenak ikusgarrienak. "Sekulako ikuskizuna eman zuten, bihurguneetan bata besteari izugarrizko abiaduran aurreratzen. Lasterketa politak, ikusleek asko gozatu zuten".
Denboraldia, despeditzear
Indoor Txapelketako azken lasterketa urriaren 22an edo 23an jokatuko da, Zangozan. Abenduaren erdialdean Euskal Ligako azken proba dute Gasteizen, eta horrekin Sakana Patinekoek 2025eko denboraldia bukatuko dute. Segidan 2026koa prestatzen hasiko dira. "Hasieran arlo fisikoa landuko dugu gehiago, eta teknika. Helburu nagusia Nafarroako eta Espainiako Txapelketak izango dira".