Txertokan programa Altsasuko osasun etxeko pediatriako erizainek abiatu dute, Biak Bat elkartearekin elkarlanean. Osasun etxeko langileek aurrez bizitako esperientziek abiarazi dute programa, izan ere, haurrendako txertaketa momentua estres eta antsietate handiko unea da. Horren jakitun, erizainak Biak Bat elkartearekin harremanetan jarri ziren, konponbidea bilatzeko asmoz. Animaliekin lagundutako esku-hartzeak egiten trebatuta dago elkartea.
Eta opatutako irtenbidea, estreinakoz, Altsasuko Sagrado Corazon eta Olaztiko Domingo Bados ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin probatu zuten atzo, azaroak 27. Ikasle horiei dagozkien txertoak jartzera joan ziren pediatriako erizainak, baina haiekin batera elkarteko kide bat, Lua eta Ivonne txakurrak, Rosa, Eli eta Bimba kobaiak eta Clemen dortoka joan ziren. Txertokan programaren helburu nagusia da txertaketek sortzen dituzten antsietate, beldur eta urduritasun mailak animaliekiko interakzioaren bidez murriztea. Gelan animaliak izateak haurrei ingurune lasaiagoa eta emozionalki seguruagoa eskaintzea ahalbidetu zuen, txertoa jarri aurretik, bitartean eta ondoren.
Iritziak
Ikastetxeetako irakasleek ekimenaren balio handia nabarmendu zuten, ez bakarrik animaliak zeuden unean, baita aurreko egunetan ere, ikasleengan izandako eragina ikusi baitzuten, animalien bisitaren zain baitzeuden, eta ez hainbeste txertoaren unearen zain. "Aurreko egunak askoz ere arinago eta lasaiago bizitzeko aukera izan dute animalien gertutasunari esker”, adierazi dute Olatzagutiko irakasleek, eta esperientzia "mundiala” izan zela nabarmendu zuten. Biak Bat elkarteko kideek azaldu zutenez, "oso garrantzitsua da animaliak hezkuntza eta osasun testuinguruetan sartzea, adingabeen emozio ongizatea errazten dutelako eta estresagarriak izan daitezkeen egoeretan duten esperientzia hobetzen dutelako”.
Inplikatutako erizainek animaliarik ez zegoen beste ikastetxe batzuekiko aldea nabarmendu zuten. Izan ere, zentro horietan, adingabeen artean urduritasun handiagoa eta zorabioren bat ere izan da. "Oraingo honetan, ordea, esperientzia lasaiago bizi izan da, animaliekiko elkarrekintzak sortu duen eragin positiboari esker. Horrek guztiak osasunaren sustapenean laguntzen du, ikuspegi integralago batetik. Izan ere, osasun fisikoaz aparte, haurren ongizate emozionala zaintzen dugu”.