Jaiotzen garaia

Guaixe 2025eko abenduaren 22a

Ilbeltzaren 11ra arte jaiotza egile sakandarrek egindako artelanak ikusgai izanen dira, Olatzagutian. Dozena bat dioramaren bidez Jesusen jaiotzako hamabi pasarte kontatzen dituzte. 

Sakanako belenzaleen elkarteak Olatzagutian duen egoitzan, kale Nagusiko 51. zenbakian, jendearen joan-etorria handia da abenduaren 8az geroztik. Sakandarrez aparte Valentzia eta Tarragonatik ere etorri izan dira jaiotza erakusketa ikustera. Elkarteko kideek bateko eta besteko bisitariak espero dituzte ilbeltzaren 11ra arte, astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:00etara eta domeka eta jai egunetan 13:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era. Erakusketa itxi ondoren sakandarrak haiei bisitan etorri zaizkienei bisita bueltatuko diete. Baina eguberrietan Iruñea, Logroño, Gasteiz edo Miranda de Ebroko jaiotzen erakusketetara joango dira. 

Bost metro karratuko azalera duten dozena bat diorama daude ikusgai. Haien egileak dira: Patxi Agirre, Kati Mayor, Javier Beunza, Luis Borrega, Jesus Mari Garmendia, Emeterio Galan, Paco Sanz, Felipe Orabengoa eta Jose Luis Resines. Azken hori ikastaroa egin zuen gasteiztarra da eta hiriburuan lan egin beharrean nahiago du Sakanako belenzaleekin lan egitea. Guztien artean arduratu dira erakusketa prestatzeaz. Martxo aldera hasi ziren eta 700 edo 800 orduko lanaren sortu dituzte diorama berriak. Aurten bost dira, eta haiek egiteko inspirazioa koadroetan opatu dute. Aurretik zegoen bati elurra jarri diote eta gainerako seiak aurreko urteetan egin eta erakusketarako egokitutakoak dira. Azken horiek ere lana ematen dutela azaldu dute egileek, “pintura galtzen baitute, eta garraioan kolpatu egiten dira eta konponketak egin behar izaten ditugu. Bakoitzean aste bat eman dezakegu horretan”. Belenzale sakandarrek obra Altsasuko eta Olatzagutiko elizetan ere ikusteko aukera izanen da. 

Trebakuntza
Jaiotzak egiten ikasteko ikastaroa antolatu zuen elkartean aurten baina nahikoa izen ematerik ez zenez, ez zuten eman. Zortzi edo bederatzi pertsona behar dira taldea ateratzeko. Beraz, bakarren batek jaiotzak egiten ikasi nahi badu erakusketatik pasa eta izena eman dezake. Elkartekoek jakinaraziko diote taldea eratuko den edo ez. 

Sakanako belenzaleen elkarteak 42 kide ditu. Haien jarduna babestu nahi duenak erakusketan bertan ekarpena egiteko aukera izanen du. Gainera, bazkide egiteko aukera ere badago. Elkarteak 2025ean 25. urteurrena ospatuko du. Haien nahia litzateke Olatzagutiak, atzera ere, estatu iparraldeko belenzaleen topaketa hartzera. 2022. urtean 182 pertsona elkartu ziren Olatzagutian. 

Dozena bat diorama
Erakusketako dioramek Jesusen jaiotza irudikatzen dute, esaterako, Jesusen, Mariaren eta Joseren dozena bat pasarte jasotzen ditu erakusketak: Ama Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Jesusen haurtzaroa; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen pausoak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.