"Bizitzari buruzko ikasketa asko dago"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 6a

Mari Jose Oraa Ezker liburuarekin. UTZITAKOA

Mari Jose Oraa Ezkerri Bular minbizia diagnostikatu zioten 2007an. Bere bizipenen berri 'Células caprichosas' liburuan eman zituen 2010ean. Liburua, osatuta, berrargitaratu du.

Biziraupenari eta esperientziak partekatzeko indarrari balioa ematen dien obra olaztiarrarena, behar dutenei inspiratzeko eta laguntzeko.

Zerk eraman zaitu liburua berriro argitaratzera?
Lehenago berrargitaratua egon beharko luke, zeren lehen edizioko aleak berehala agortu ziren. Nik beti behar hori sentitu dut. Liburua apalategiz apalategi ibili da, eskutik eskura, testua lagungarria delako. Nik ez nuen espero halakorik. Lehenengo edizioarekin asko ikasi nuen, Txus Iparragirre kazetariak asko lagundu ninduen forma ematen eta txukuntzen. Prest nengoen bigarren edizioa egiteko. Honetan behar bera sentitu dut, baina erabat desberdina den beste momentu batean nago, eta dena desberdina da. Kontatzeko beste gauza batzuk ditut ere.

Bere horretan berrargitaratu duzu?
Buelta pilo bat eman dizkiot. 15 urte pasa ondoren kontatzeko gauza asko ditut. Egia esan, ez nuen ere beste liburu bat egin nahi, baizik eta horren beharrezkoa den testua berriro argitaratu nahi nuen. Beraz, testua zegoen bezala mantendu dut. Baina 15 urteren ondoren azpititulua jarri diot. Ez bainago orduko momentu berean: ez dut prozesua pasatu berri, eta motibazioa ere aldatu da. 

"Niretako oso garrantzitsua da bizirautearen testigantza ematea, irakurri behar duenak erreferentea izatea"

Zein ekarpen egin diozu?
Bi kapitulu berri daude. Lehendabizikoan 15 urte hauetan ikasi dudanaz ari naiz. Niri ibilbidea laburbiltzen du. Biziraupena ere bada. Niretako oso garrantzitsua da bizirautearen testigantza ematea, irakurri behar duenak erreferentea izatea: nahiz eta momentuan une txarrak pasa, ehuneko oso handi bat atera egiten da. Konpromisoa ere bada, Sarayrekin, Nafarroako Bular Minbiziko Elkartearekin, dudana. Gainera, pentsatu dut liburua Sarayrendako gelditu behar dela. Elkartean azkenaldian lagun eta bazkideak oso gazte hil dira. Juntakide baten heriotzak bereziki ukitu ninduen. Eta, horregatik, heriotzari buruzko epilogoa sartu dut. Gizarte honetan hori plazaratzea ere oso garrantzitsua dela iruditzen zait. 

Azala mantendu edo aldatu duzu?
Aldatu dut, ez baita momentu bera. Bai. Aurreko azala Asun Goikoetxeak egin zidan. Egia esan, oso-oso polita da. Baina momentu honetan proiektua beste bide batetik joan da. Lehenengo edizio horretan, batez ere Asunek eta Txus Iparragirrek, indar asko jarri genuen. Edizio zaindua izan zen. Orain Interneten eros daiteke, globalizazioa da. Baina horrela irismen handiagoa du. Urte hauetan ikusi dut azala garrantzitsua dela, baina inportantea da ere testua. Testua da lotzen duena. Balio duena. Orain beste modu batera egin dut. Aldaketarekin pozik gelditu naiz, testu bera delako, baina ez momentu bera, beraz, ez da ezer gertatzen. Dena gure artean hitz egina eta adostuta dago. Gainera, nahi dut Sarayrendako erosoa izan dadila. Ez ibiltzea: "orain edizio bat, gero beste bat..." Ez. Testua hor dago, eta digitalean ere, eskuragarri. Horrek ez du kentzen hitzaldi batean jendearekin partekatzeko aukera. 

"Nahiz eta irakurria izan, jendeak beste modu batera irakurtzen du"

Liburua berrargitaratzeak berriro 2007an bizitakoa biziberritzea eraman zaitu?
Bai. Ni berehala edozein gauzarekin hunkitzen naiz. Erabat murgildu naiz, berez perfekzionista naizelako, eta faktura txiki bat pasa dit. Berriro bizi izan dut dena. Azken finean, nire bizitzako ibilbidea da. Liburua argitaratu dut. Jende askok berriro irakurriko du. Batzuk esan didate irakurri zutenean ez zutela minbizirik izan, baina gero izan dute. Beraz, nahiz eta irakurria izan, jendeak beste modu batera irakurtzen du. Eta irakurle berriendako, nahiz eta 2007an gertatu, dena baliagarria da, prozesu bera ematen baita. 

Minbiziaren inguruko testigantza liburuak gero eta gehiago argitaratzen dira?
Bai, bai. Historian beste momentu batean gaude. Batez ere emakumeek editatzen dituzte liburu hauek. Esaterako, leuzemiari buruzko Elordi Garcia Insaustiren Imparable hasta la medula (2024, Alberdania) liburuaren aurkezpena egin genuen Altsasun. Ilustrazioak dituen Marisol Artica Zuranoren Mi cancer de mama (y el tuyo) en 19 preguntas (2022, Reinas & Grillos Ediciones) liburuari prologoa idatzi nion. Jendeak halako zerbait pasatzen duenean, eta zerbait lagungarria egin dezakezula, jendea argitaratzera animatzen da. Gizartea ere prestatuagoa dago. Esate baterako, Olatzagutian urtero elkartzen gara bular minbizia izan genuenak, eta emakume helduek beste modu batean bizi izan zuten bere garaian bular minbizia. Horregatik, niretako plazaratzea oso garrantzitsua da. Bestela, aipatzen ez dena ez da existitzen. 

Diagnosia norberak jasotzen du, baina gaitzak arlo soziala duela adierazi izan duzu.
Bai. Eta ez bakarrik minbiziarekin, baita beste arazo batzuekin ere, suizidioa eta dauden milaka arazoak. Alde sozial hori ikusteak laguntzen du. Kontuan hartzeko. Ez sufritzeko, baizik eta hezteko. Hezitzaile ikuspegi horrekin lotzen dut. Gizarte gisa hezi behar gara, aurre egiteko eta aurrean zer daukagun jakiteko, nola kudeatu jakiteko. Eta txikiak ere nola hezi, ez beldurrean, baizik eta jakindurian eta normaltasunean. 

"Gizarte gisa hezi behar gara, aurre egiteko eta aurrean zer daukagun jakiteko, nola kudeatu jakiteko"

Saray elkartea

Dirua biltzeko ekimenak egiten ditu elkarteak, ikerketara bideratzeko.
Ikerketa da etorkizun on batera eramango gaituena, dagoen bakarra da. Guk badakigu bitartean oso garrantzitsua dela familiei eta, batez ere, gaixotutako pertsonei sostengu hori ematea, horretan gabiltza. Hori da gure xedea, baina ikerketa lana oso beharrezkoa da. Horregatik, urteak daramatzagu ikerketarako dirua biltzeko ekimenak egiten, lasterketa eta abar. Ikerketan ematen diren pausoak oso motelak direla dirudi, baina, azkenean, bidea hori dela ikusten da, errazago sendatuko dela.

15 urtetan zientziak aurrera egin al du?
Bai, asko. Hori beti esan dut. Liburuaren lehen edizioan nire aitaren kasuaz hitz egiten dut, minbizi bategatik hil zen. Heriotza horrek asko markatu ninduen, niretako oso gogorra izan zen. Nire diagnostikoa zenbait urtetara etorri zen, eta niretako aukerak askoz ere zabalagoak izan ziren. Ni prebentzioaren, detekzio azkarraren eredu argia naiz. Espero ez nuenean atzeman zidaten minbizia. 

"Ikerketa da etorkizun on batera eramango gaituena, dagoen bakarra da"

Eta osasun profesionalak jantzi dira?
Bai. Gainera, ikerketa pila daude. Guk mugimendu izugarria ikusten dugu. Esaterako, zenbait ikerlanengatik Navarrabiomedekin harremanetan gaude. Inbertitzen dugun dirua zertara doan ikusten dugu, bileretan zer ari diren opatzen azaltzen digute. Ikusten da aurreratzen ari direla. Eta ikusten dugu medikuek, profesionalek, serio hartzen dutela. Harro egon gaitezke. 

Osasun profesionalen tratuan aldaketak izan dira 15 urtetan?
Gai honekin tratua oso-oso ona da, jendea ongi tratatzen dute. Egia da zaila dela kontsulta motz batean dena azaltzea. Zenbait galdera airean gelditzen dira. Horretarako dago Saray. Halako diagnosia jaso duten emakumezkoak izugarriko sustoarekin etortzen dira elkartera. Zeren diagnosi horrek erabat galduta uzten zaitu. Erantzun ezin dituzun galdera pila batekin. Eta, agian, kontsulta batean galdetzeko denborarik ez dizu ematen. Beraz, elkarlana ezinbestekoa da. Sarayk Osasunbidearekin koordinatzen dituen zenbait programa ditu. Esaterako, ebakuntza egiten dioten emakume bakoitzari bihotz formadun kuxin txiki bat oparitzen diogu. Pentsatua dago, neurri berezi batzuk ditu eta oso ergonomikoa da. Horrekin esaten dugu: "ez zaude bakarrik. Ez beldurtu. Hemen duzu elkartea". Mastektomia edo kontserbatzeko kirurgia izan, ebakuntza egin behar dioten emakumeei bularretako berezi bana oparitzen diegu. Programa horiek ospitaleko lantaldearekin elkarlanean ari garelako sortu dira. Positiboa da. Ez da gelditu behar, lanean jarraitu behar da. 

Konpromisoak eraman zituen Sarayko presidente izatera. Zer moduz ardura?
Oso ondo. Ez gara batere piramidalak, goitik behera eta behetik gora. Guztiak maila berean murgilduta gaude. Niri aurpegia ematearen paper hori tokatzen zait, batez ere lastailean. Baina denak batera ari gara, elkarren artean banatzen ditugu lanak. Agerraldi pila ditugu eta juntako kideen artean banatzen ditugu. Egitura zabala dugu. Juntan gaitza izandako zortziak, eta langileak, esaterako, Yaki Hernandez psikologoa eta Sarayko idazkari teknikoa. Erabat asmatu dugu. Lanean oso momentu onean gaude. Boluntario taldea ere badugu, 30-40 emakumezko dira. Eta bazkide kopuruan gora goaz. Bestetik, bazkidetzak gora egitea txarra da, esan nahi baitu jende asko etortzen zaigula elkartera. Hau da, ikerketan pila aurreratu dugu, tratamenduak pila hobetu dira, baina intzidentzia ez da jaitsi. Ez da jaisten bizi itxaropena luzatu egin delako, eta gehiago atzematen da. 

"Ikerketan pila aurreratu dugu, tratamenduak pila hobetu dira, baina intzidentzia ez da jaitsi"

Eta detekzioa goiz bada, gaitz erdi.
Hori da. Bi bide daude. Bat da, dudarik gabe, mamografia egitera deitzen zaituztenean joatea, nahiz eta desatsegina izan. Bestea, bularrean edozein gauza arraroa nabarituz gero, badaezpada, serio hartu, bai emakumezkoak bai gizonezkoak. 

Gaitzaren arlo sozial hori zabaltzeko, liburuaren aurkezpenak eginen dituzu?
Liburua kalean da, baina aurkezpenekin ilbeltzean hasi gara. Hori ongi etorri zait jakiteko irakurri dutenek zein pertzepzio duten. Balorazio pila jaso ditut eta oso pozik nago. Iruñean herenegun aurkeztu genuen eta Olatzagutian atzo. Bietan nirekin Txus Iparragirre kazetaria eta Yaki Hernandez Sarayko kidea egon ziren. Topaketa interesgarriak izan ziren. Gainera, bizipen horiek ez zaituzte bakarrik arazo zehatz horretara eramaten, baizik eta ikasgai asko dira. Eta bizitzari buruzko ikasketa asko dago: erresilientzia, gauzak nola hartzen ditugun, arazoei buelta emateko gaitasuna... Hori da geratzen dena. Eta erakusten duguna. 

Sakanan gehiagotan egonen zara? 
Bai, otsailaren 20an, ostiralarekin, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean eginen dugu aurkezpena. 

"Horretaz konturatu nintzen: minbizia bai, baina bizitzen jarraitu behar duzu"

Zergatik hartu beharko genuke eskutan zure liburua? 
Liburua da, lehenengo, prozesuan daudenendako. Baina baita prozesuan ez daudenendako ere, hurbilean tokatu zaienendako, edo ez hain hurbilean. Irakurri dutenek gehien esaten didatena da: "ia-ia zurekin hitz egitea bezala da. Eta kontatzen dituzunak..."  Liburuak dena dauka, bizitzak duena: gauza onak, gauza txarrak, momentu onak... Umore pixka bat ere dauka, niretako oso garrantzitsua dena. Nahiz eta gaizki izan, zoriontsu izan zaitezke. Ni horretaz konturatu nintzen: minbizia bai, baina bizitzen jarraitu behar duzu. Guk hori Sarayn egunero ikusten dugu. Emakume horiek, batzuk, zoritxarrez, joan arte, hor daude, dituzten momentu onak disfrutatzen. Hori guztia du liburuak. Hunkigarria eta oso irakurterraza da. Batzuk esan izan didate hasi eta buka egin dutela, irakurraldi bakarrean. Jendea irakurtzera animatzen dut. Motza da. Gainera, Saray elkartea laguntzen duzu. Ez da bakarrik nire esperientzia plazaratzera. Nire esperientzia jada ez da nirea, nire semeak ez dute adin hori, helduagoak dira. Dagoeneko fikzio moduko bat da, ez naiz ni. Hor aztarna bat gelditu da, eta aztarna hori oso interesgarria izan daiteke.