Ilbeltzaren 23an Olaztiko kultur etxean Pajaros Pintados antzerki konpainiak Hariak, oroitzapenen kutxak (gaztelaniaz, Hebras, las cajas de la memoria) antzezlanaren erakustaldia egin zuen. Aurretik arte erresidentzia egin zuten kultur etxean. Victoria Musseti altsasuar-olaztiarra konpainiako antzerkigilea da: "Duela zenbait urte egiten dugu erresidentzia Olaztin; konpainia Nafarroakoa da, eta lan hauek jatorrira eramateko erresidentzia egiten dugu". Udalak espazioa uzten die eta astebete "gauzak probatzen" egoten dira; besteak beste, argiteria, soinua, eszenografia...
"Proiektu hau aurreko proiektutik dator, Olaiaren lorategia, doluaren inguruko objektuen antzerki bat da, eta egia esan ibibide luzea izan du eta izaten jarraitzen du. Oso ongi konektatzen du kontatu nahi dugunarekin eta publikoarekin landu nahi dugun mundu emozionalarekin". Apirilean antzezlanaren emanaldia izanen da, Altsasun.
Olaiaren lorategia-ren ondoren "lerro beretik" joaten zen proiektu bat egiteko gogoa zuten, "nahiz eta beste gai bati buruz hitz egiten duen". Kasu honetan, Hariak, oroitzapenen kutxak antezlanan, ahanztura lantzen dute,"hobe esanda, ahaztu nahi ez dugunarekin". Istorioa jostundegi batetan gertatzen da,kutxa forma duena, eta pertsonaiak memoriaren kutxa batekin joaten dira: "Kutxa honetan jostundegi honetako oroitzapenak daude, eta kutxa txikia irekitzen denean kutxa handia ageratzen da, eszenatokian ikusten duguna". Istorioa atenporala bada ere, 1960ko hamarkadan oinarrituta dagoela azaldu du antzerkigileak, eta jostun bat eta bere alaba dira protagonistak: "Bere bizitza eta harremana ikusten dugu".
Istorioaren momentu batean jostunak gauazak ahazten hasten da, "ez dugu alzheimerrari buruz hitz egiten, nahiz eta lana prestatzeko horretan oinarritu garen". Jostunaren bidez "oroitzeko bidaia" bat egiten joaten dira, "kutxa batean oroitzeko objektuak sartzen dituelako. Baina ikasten ari dena bere alaba da, berak gordetzen duelako memoria hori".
Lana
Olaztira iritsi aurretik "lan asko" egin du Pajaros Pintados konpainiak antzezlana sortzeko. "Ia urte bat egon ginen ikertzen; gaiarekin zerikusia izan zezakeen istorioa sortzen, alzheimerrarekin zerikusia zutenak...". Hariak, oroitzapenen kutxak obejktuen antzerkia da eta ez dago ahotsik, "off-ean zerbait esaten da, baina bestela keinuen antzerkia da", eta horregatik ere objektuen antzerkia ehunaren munduan ere ikertu dute: "Nola transforma daitezkeen objektu horiek eta abar". Antzezlanaren haria ere jantzi baten joste prozesua da, "jantzi horren sorkuntzak zerikusia du memoriaren gordetze horrekin"; eta horregatik josteko tailerrak ere egin dituzte. "Denbora asko egon gara materiala sortzen eta azken hilabete honetan ideia guztiekin lana sortu dugu". Olaztira "estruktura batekin" iritsi ziren eta horren gainean lan egin dute.
Otsailaren 7an egin zuten lanaren mustutzea Atarrabian, eta aste berean erresidenzia egin zuten: "Gehien bat lan aktorala landu dugu; detaileak ongi ulertzeko". Lana belaunaldiartekoa da, "edozeinek uler dezake eta eraman dezake zerbait".
