Olatzagutiko Udalak Orekan kontziliazio programaren eskaintza egin du Aste Santurako, gurasoek edo tutoreek beraien lan erantzukizunak betetzeko erraztasunak izan ditzaten seme-alaben zaintza eta ongizatea alde batera utzi gabe. Ikastetxeetan opor garaia denean etxe batzuetan familia eta lana uztartzea zaila suertatzen baita.
Eskaintza 2021etik 2013ra bitartean (biak barne) jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago, esfinterren kontrolean autonomia dutenendako, autonomiarik eza justifikatzen duen dibertsitate funtzionala duten haurrendako izan ezik. Udalak sei eta hamabost plaza artean eskaintzen ditu. Dibertsitate funtzionala dutenek izena ematen badute, eta dibertsitate horren arabera, plaza kopurua murriztu ahal izango da.
Orekan programa apirilaren 7, 8, 9 eta 10ean garatuko da, Akelarre ludotekan. Bi ordutegi daude aukeran: 09:00etatik 13:00etara eta 11:00etatik 13:00etara. Bigarren ordutegi hori martxan jarriko da baldin eta aurreneko aukeran plazak osatzen ez badira. Txanda hori da lehentasuna duena. Ordutegi luzean haur baten izen emateagatik 8 euro ordaindu behar dira, 12 bi edo gehiago badira. Bigarren aukeran 4 eta 6 euro dira tarifak. Horiek ordaintzetik salbuetsita egongo dira udalean berariaz eskatu ondoren, oinarrizko gizarte-zerbitzuek horretarako egindako txostenaren bidez prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak. Izen ematea martxoaren 2tik 16ra arte udaletxean egin daiteke. Udal eskaintzari buruzko argibideak olazti.eus webgunean dago.